Euskal Inauteriekin Karnabalei hasiera emango zaie gaur

Aurreko asteburuan Azpeitian ere Karnabal ukitua izan zen, kaldereroen pasiararekin eta Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak urtero eskaini ohi duten kontzertuarekin. Oraingoan, bost eguneko festa egitarauari tartea egingo zaio ordea. Gaur, Euskal Inauterien desfilearekin emango zaio hasiera Udalak antolatutako Karnabalen egitarauari. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek alaitu ohi dituzte azkern urteetan kaleak, Euskal Inauteriekin. 18:30ean hasiko da desfilea, eta 19:30a ingururako amaitzea aurreikusten da.

Aurrez, herriko ikastetxe desberdinetan ere Karnabaletan murgilduko dira eta urtero ohi bezala, mota guztietako mozorroz beteko dira bai Karmelo Etxegarai Azpeitiko Ikastola eta baita Iraurgi Ikastetxeko gelak ere.

Zapatuan, goiz eta arratsaldez tren txu-txua ibiliko da, plazatik abiatuta. 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30etara ibiliko da herriko kaleetan zehar. Aurretik, ordea, bi bidaia berezi egingo ditu. Izan ere, 11:00etatik 12:00etara, San Martin egoitzako bizilagunek izango dute herrian tren txu-txuan paseatzeko aukera.

Larunbat arratsaldean, berriz, txikienen gozamenerako, haur parkea egokituko dute plazan. Asteartean, berriro izango dute aukera txikitxoek jolaserako baina orduan, Olazko Amaren Plazan egokituko da haurren parkea.

 

Fotos

Vídeos