Hastear, herritarrentzat hain «kuttunak» diren Euskal Antzerki Topaketak
Urriaren 31n hasi eta azaroaren 23ra bitartean 13 antzezlan, tailerrak edota eskola antzerkia izango dira Azpeitian
Eli Aizpuru
Asteartea, 14 urria 2025
Udazkenarekin batera eta zuhaitzetatik hostoak askatzen diren bezala, antzerki jarioa hasi ohi da Azpeitian sasoi honetan. Aurtengoan ere, urriaren amaierarekin etorriko dira Euskal Antzerki Topaketak herrira. 43. edizioa izango da, eta emaria ez da nolanahikoa. Horren berri azaltzeko elkartu ziren atzo Dinamoa sormen gunean. Bertan izan ziren Nagore Alkorta alkatearekin batera Leire Sarasua, Kultura batzordeburua; Garazi Lazkano, Kulturaz Kooperatibako kidea; Eñaut Gorbea, Zurrunka teatroako kidea; eta Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala, aktore azpeitiarrak.
Euskaraz egiten diren antzerki topaketa bakarrak dira Azpeitikoak, eta aurten 43. aldiz taularatuko da egitasmoa. Urriaren 31n hasiko dira topaketak, eta azaroaren 23an izango da azken emanaldia. Tartean, 13 antzezlan ikusteko aukera izango da; eskola-antzerkiak ere, ohi bezala, izango du bere tartetxoa, eta tailerretan edo sormen-egonaldietan ondutako lanak ikusteko aukera izango da. Horien artean, Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak landu duten 'Kaka' lana. Azken honek itxiko du aurtengo edizioa, eta urtero banatzen den topaketeta sariaz kanpo eskainiko da. Azken egunean emango da saria.
Euskal antzerkigintza eta euskara bera sustatzeko ezinbestekotzat jo ditu Alkortak herriko antzerki topaketak. «Harro gaude daukagun kultur eskaintzarekin», adierazi du alkateak, eta horren barruan topaketa hauek herritarrentzat «kuttunak» direla azpimarratu du.
Kultura batzordeburuak azaldu bezala, eskola-antzerkiaz haratago, urtero saiatu dira gaztetxoengana hurbiltzen, eta bitartekari gisa txotxongiloak erabili izan dituzte. Corrado Massacciren lankidetza izan da horren adibide. Hura erretiratuta, Zurrunka Teatroko kideek itzal-tailerrak eskainiko dituzte azaroaren 14an, Dinamoan.
Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen azken hamarkadan, Kulturaz kooperatiba eta udala izan dira bidelagun. Urtean zehar lanketa sakona egiten da Kulturazetik arte eszenikoen inguruan, eta urte osoko lan horren fruitua taularatzeko plaza izan ohi dira antzerki topaketak. Horren adibide dira euskal konpainientzako sormen-egonaldien programak. «Sormen prozesuak ahalik eta modu osoenean eta egokienean babesten saiatzen gara», esan du Garazi Lazkanok, Kulturazeko kideak.
2025ean egonaldia egin duten konpainiak dira Artedrama eta Axut!; Erika eta Xanti, 'Kaka' obrarekin; eta Infinitu Drama, 'Adarbakarra' lanarekin. Lan horiek ikusteko aukera izango da antzerki topaketetan. Horrez gain, lanketa berezia egin da obra horiekin. Urriaren 31n, topaketei hasiera emanez, ikastetxeei zuzendutako emanaldia izango da: 'Nor naizen baneki 'obra ikusteko aukera izango dute ikasleek, eta amaitu ostean, antzezleekin solasaldia izango dute.
'Adarbakarra' obra landu duten Garazi Navas eta Maite Aizpuruak azaroaren 20an Dinamoan erakutsiko dute euren lana. Bestalde, 'Kaka' proiektua landu duten Erika eta Xantik azaroaren 20an Euskaltegiko ikasleei solasaldia eskainiko diete, eta ondoren, hilaren 23an, taularatuko dute antzezlana -19an estreinatuko dute Donostian- Soreasu antzokian.
Bi urte gelditu gabe lanean
Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak bi urte daramatzate beren azken proiektuan murgilduta, AEK beka kulturala jaso zutenetik. 'Kaka' izenburua du proiektuak. «Ez gara gelditu ere egin bi urte hauetan; isilpeko lan asko egiten ari gara», dio Erikak. Azaroaren 19an estreinatuko dute lana Donostian. «Azken txanpan gaude, ja 'kintan' sartuta», dio, eta «bide luzea» eginda dutela aitortu du, izan ere, «aita eta ama gu izan arren -Xanti eta biok- guk artea kolektibotasunetik ikusten dugu; jende asko dago atzetik».
Azpeitiko Udalak koprodukzio lanak egin ditu, eta halako euskarriak «ezinbestekoak» direla aipatu du Xantik. «Oso eskertuta gaude titulu horrekin joan eta jendeak laguntza eskaintzen dizunean», gehitu du barrez Erikak.
Norbanako, kolektibo edo herri gisa batzen gaituen, baina ezkutatzen dugun horren guztiaren azaleratze festa da Kaka. «Inork kakarik egiten ez duen mundu batean, herriko plazan kaka-mokordo bat agertzen da. Nola da posible?». Inbestigazio-antzezlana da. Mikel Laskurain eta Ainhoa Aierbe izango dira, Erika eta Xantirekin batera, taula gainean.
Kamikaz kolektiboarekin, bestalde, beste lan bat ere taularatuko dute Xanti eta Erikak. Azaroaren 2an izango da, eta 'Renat'a lana plazaratuko dute Soreasun. «Ordu eta erdiko lan batean, lau aktorek 35 pertsonaia antzeztuko ditugu», aurreratu du Xantik, oso proposamen «berezia eta jostaria» dela azalduz.
Eskola-antzerkiari ere egingo zaio tartea. Azaroaren 10etik 14ra bitartean izango dira emanaldiak Soreasun, 11:00etan hasita. Topaketen baitan, herriko gaztetxoengana iristeko saiakera egiten da, baina «ez bakarrik topaketetan, baita urte osoan zehar ere», gaineratu du Lazkanok.
Antzerki tailerretan 65 gaztetxok hartzen dute parte Xanti Agirrezabala eta Alaitz Olaizolaren gidaritzapean, eta ikasturte osoan zehar antzerki obra bat lantzen dute. Eskola-antzerkiaren baitan lan hori ikusteko aukera izango da. Horrez gain, bestelako emanaldiak ere izango dira.
Familia tailerra
Gaztetxoen eskaintzarekin jarraituz, azaroaren 14an familia-tailerrak izango dira Zurrunka Teatroaren eskutik, Dinamoa sormen gunean. Tailerra doakoa izango da, baina gonbidapenak aurrez hartu behar dira, kopurua mugatua baita. Hurrengo egunean, 'Gure kanoa' obra ikusteko aukera izango da Soreasun. Betharram aretoan, bestalde, ikastetxeei zuzendutako ikastaroak eskainiko dira, Eñaut Gorbeak, Zurrunka Teatroko kideak, gidatuta.