Etzi, urriaren 15ean, itxiko da etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea

E. A.AZPEITIA.

Azpeitiko Udalak zabalik du etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea baina asteartea izango da horretarako azken eguna. Azken urteetan egin izan den moduan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatuta edo dibortziatuta dauden herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko laguntzak. Udalak 180.000 euro bideratuko ditu alokairurako diru laguntzetara, iaz eskainitako kopuru bera.

Eskatzaileei banatuko zaien diru kopurua eskaera egin duen pertsonaren diru sarreren araberakoa izango da. Honela, 0 euro eta 15.000 euro arteko dirusarrerekin, alokairuaren %50 ordainduko zaio; 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio; 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio eta 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio.

Alokairuaren errentak ere hilero 550 euro baino gutxiagokoa izan behar du. Hala, gehienez 250 euro hilean bideratuko da eta besteak beste, Alde Zaharreko alokairuek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute hilero. Hamabi hilabeteko laguntza izango da.

Eskatzaileek udaletxean aurkeztu beharko dute dokumentazio guztia.