Esleitu dira Esklabak Iturzulo eremuko babes ofizialeko etxebizitzak

E. A. AZPEITIA.

Azpeitiko Udalak aditzera eman duenez, Esklabak-Iturtzulo eremuko babes ofizialeko etxebizitzak esleitu ditu eta sustapenekoak esleitzeari ekin dio. Erakundearen esanetan, obren exekuzio proiektua prest da dagoeneko, baina «udal sustapeneko etxebizitzak esleitzeko zain dago, obraren exekuzioa hasteko eta lanak egiteko lehiaketa publikoa martxan jartzeko».

Gauzak horrela, hiruzpalau hilabeteko epea beharko du etxebizitza horiek denak esleitzeko, eta ondoren hasiko dira obrekin. Eraikuntza lanak 20 hilabetean bukatzea aurreikusten du Udalak.

Urtarrilaren 25ean egin zuten etxebizitzen zozketa. Esklabetako eraikinaren atzealdean 129 etxebizitza eraikiko dituzte; horietatik 68 babes ofizialekoak izango dira eta 61 udal sustapenekoak. Lehen fasean, babestutako 29 etxebizitza egingo dituzte, eta 33 udal sustapeneko. Bigarren faseko zozketaren prozedura urte bukaera aldera hastea aurreikusten da.