Eskualdeko datozen urteetako erronka nagusiak lehenetsi dira XVI. Iraurgi Berritzen topaketetan

Erakundeetako, Iraurgi Berritzeneko, enpresetako eta ikastetxeetako ordezkariak. / I.B.
Erakundeetako, Iraurgi Berritzeneko, enpresetako eta ikastetxeetako ordezkariak. / I.B.

Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako udalez gain, Foru Aldundiko eta 22 enpresetako eta ikastetxeetako ordezkariak bildu dira

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Iraurgi Berritzen Sareak XVI. Topaketak ospatu ditu aste honetan. Udaleko bosgarren pisuan bildu ziren Garapen Agentzia osatzen duten Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udal ordezkariak; Foru Aldundiko kideak eta sarea osatzen duten 22 enpresetako eta ikastetxeetako beste hainbat aurpegi.

Eskualdeko hiru alkateen -Eneko Etxeberria, Javier Zubizarreta eta Josetxo Mendizabal-, Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuaren eta Iraurgi Berritzeneko zuzendari Begoña Beobideren agurrekin eman zitzaien hasiera Topaketei. Ondoren, Iraurgi Beritzensarearen baitan 2018an zehar, enpresa, hezkuntza nahiz udal eragileek lankidetzan landu dituzten lan lerro eta proiektuak aurkeztu zituzten. Kanpo aholkularitzako Sabin Azua eta garapen eta berrikuntza agentziako zuzendariaren eskutik, eskualdeko ehun ekonomikoaren nondik norakoak aurkeztu zituzten gero eta amaitzeko, eskualdeak datozen urteetan izango dituen erronkez hausnartu zuten partehartzaielek eta hauei aurre egiteko beharrezko osagai eta baliabideez eztabaidatu zen. «Dinamika aberasgarria, batik bat, interakzioa profil ezberdinetako pertsonen artekoa izan delako, Iraurgi Berritzenen gainerako hainbat ekimenetan bezala», azaldu zuten Garapen Agentziako arduradunek.

Partehartzaileek eskualdeak datozen urteetako dituen erronka nagusiak ondorioztatu zituzten. Besteak beste honakoak lehenetsi zituzten: Industrian, teknologia berrien txertatzea eta digitalizazioa; Enpresen negozio ereduen egokitzapena joera berriei; Kulturaaniztasuna: etorkinen integrazioaren kudeaketa; Hezkuntzaren egokitzapena garai berrietara: gazteen gaitasunen garapena; Eskualdearen eta enpresen erakargarritasuna hobetzea; Langile kualifikatuen falta. Talentu berria erakartzea; Talentua mantentzea eskualdean: langileen baldintzen hobekuntza. Eta azkenik, eragile arteko elkarlan estrategia mantentzea eskualdearen garapenerako.

Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia da Iraurgi Berri-tzen. Tokiko udalek lankidetzan eskualdearen sustapen sozioekonomikorako dituzten politika eta estrategia publikoen garapenaz arduratzen da erakundea.

 

Fotos

Vídeos