Errazkini eta Intxaurrandietari «babes pertsonala eta solidarioa» emateko mozioa onartu du Udalak

Udaleko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, adostu dute adierazpena, eta hamazazpi udal hautetsiek sinatu dute

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO AZPEITIA.

Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohiari «babes pertsonala eta solidarioa» eskaintzeko mozioa onartu du Azpeitiko Udalak. Udaleko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, adostu dute adierazpena, eta hamazazpi udal hautetsiek sinatu dute idatzia.

Honela, bi alderdiko kideek onartutako testuan diote gai pertsonal gisa, «ez diogu inori opa sufrimendua eta mina eragiten dieten egoerei» aurre egin behar izatea. Horregatik, «funtsezkoa da justizia demokratikoa eta herritar guztien eskubideekiko bermatzailea exijitzea, aldi berean ebazpen justuak bermatuko dituena», dio idatziak.

Era berean, ordezkari publiko guztiek «arduraz» jokatu behar dutela interes orokorraren eta elkarbizitza sozial eta politikoaren defentsan, azpimarratu dute. «Egoerak eskatzen duen mailan ekiteko momentua da. Instituzioetan ardurak etakarguak ditugunok interes politikotik at utzi behar dugu interes pertsonala».

Pasa den asteko udalbatzarrean ziren Errazkin eta Intxaurrandieta babesteko mozioa bozkatzekoak, adostasunik ez zuten lortu ordea, eta ondorioz, eztabaida atzeratzea erabaki zuten. Asteartean, Bozeramaileen Batzordea egin zuten EH Bilduko eta EAJko ordezkariek, eta han eztabaidatu eta adostu zuten adierazpenaren edukia. Urriaren amaieran Lezoko hainbat zinegotzik modu pertsonalean sinatutako adierazpen bera da Azpeitiko Udaleko ordezkariek adostu berri dutena.

Urriaren 10ean jakinarazi zuen Espainiako Kontu Auzitegiak bi auzipetuen aldeko ebazpena (Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak «eragindako kalte ekonomikoa» beren gain hartzea eskatzen zen). Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) urriaren 29an erabaki zuen Errazkin eta Intxaurrandieta errugabetu zituen epaiari helegitea jartzea.

 

Fotos

Vídeos