Ekintza ugarirekin dator aurten ere Zezenbeltz asteburua
Zapatu eguerdian hasi eta bi egunetan zezenekin egindako jolasek eta entzierroek hartuko dute protagonismoa
ELI AIZPURU
Osteguna, 13 urria 2022, 00:03
Hamairugarrenez hemen da berriro ere Zezenbeltz asteburua. Hurrengo asteko zapaturako eta iganderako egitarau zabala antolatu du Zezenbeltz elkarteak eta txikitxoetatik hasi eta helduetaraino izango dute non gozatua. Sokamutur txikiak, jolasak, Grand Prix saioa eta entzierroa izango dira, besteak beste. Nola ez, mokaduak egiteko aukera ere izango da eta jada ohitura bihurtu den oilasko eta txahal saiheski errea eskainiko dute antolatzaileek plazan.
Zapatuan, hilak 15, hasiko da programazioa, 12:30ean, sokamutur txikiarekin, eta ondoren, zezen txikiak eta poniak izango dira haurrentzat. Plazan hasiko da zezentxoekin festa. Aldiz, arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Grand Prix saioa izango da zezen plazan. Ohi bezala, talde desberdinek jolasak egingo dituzte zezenen aurrean, ikusleen gozamenerako. Ondoren, zezen bolaztuak aterako dituzte, 16 urtetik gorakoentzat.
Igandean, urriak 16, jarraituko dute Zezenbeltz asteburuko ekitaldiek. Eguerdian berriro ere sokamutur txikia egingo da eta ondoren, zezen txikiak eta poniak izango dira haurrentzat, 12:30ean hasita. Ordu berean, oilasko eta txahal saiheski errea egongo dira dastagai plazan.
Arratsaldean, 17:00etan, helduen entzierroa aterako da Artzubitik plazara, eta ondoren, zezen bolaztuak aterako dituzte Artzubia kalean.
Sarrerak
Gran Prix saiorako sarrerei dagokionez, salgai daude jada 3 eurotan ohiko tabernetan (Berdie, Jim Clark, Mendizabal, Pastorkua eta Eguzkitza) . Zapatuan bertan ere, gunean bertan, zezen plazako leihatiletan ere eros daitezke txartelak. Horrez gain, bihar (ostirala) plazan sarrerak salgai izango dira, 19:00etatik 20:30era bitartean.