Ehunka zale eta Reala nagusi Garmendipen

Futbolzaleek gustora jarraitu zuten finaleko derbia harmailetatik.
/
Futbolzaleek gustora jarraitu zuten finaleko derbia harmailetatik.

Maddi Torre, Nahikari eta Leire Bañosen golekin 3-0 irabazi zuen Athleticen aurka atzo Euskal Herriko Kopako nesken finala

MIREIA GALARZAAZPEITIA.

Atzo jokatu zen Euskal Herriko Kopako nesken finala Azpeitiko Garmendipe zelaian. Eguraldiak ere lagunduta, adin guztietako ehunka zale elkartu ziren Azpeitiko futbol zelaian. Bizkaiko taldeak saiakerak egin bazituen ere, ez zuen golik sartzea lortu, eta Reala aise gailendu zen neurketa osoan zehar. Hain zuzen ere, markagailua 2-0 zela amaitu zen lehen zatia Maddi Torre eta Nahikariren golekin. Bigarrengo zatian, hirugarren gola sartu zuen Leire Baños irundarrak.

Behin partida amaituta, sari banaketa ekitaldia egin dute Euskal Herria Kirolako ordezkariek. Bertan izan ziren, besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Iñigo Arregi Lagun Onak Futbol Taldeko presidentea edo Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako kidea.

Atzokoa Garmendipen jokatzen den Euskal Herria Koparen bigarren finala izan zen -lehen ediziokoa ere bertan jokatu zuten-, eta iaz finalaurrekoetako bat ere jokatu zuten Azpeitian. Aurtengoa, ordea, desberdina izan da. Izan ere, Lagun Onak Futbol Taldeak 75 urte betetzen ditu, urtemugako ekitaldi garrantzitsuenetako bat izan da.