Ehundik gora lagun Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko laugarren etapan

Lagun Onakekin ibilaldian parte hartu zuten mendizaleak, basoan barna. / E.A.
Lagun Onakekin ibilaldian parte hartu zuten mendizaleak, basoan barna. / E.A.

Otxandio eta Urbina lotu dituzte oraingoan Lagun Onak mendi bazkunako kideek, 17,5 kilometro eginda

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Lagun Onak mendi bazkunak 2019rako prestatutako egitasmo nagusia aurrera doa eta dirudienez gero eta arrakasta handiagoarekin gainera. GR-38a, Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea bezala ezaguna den bidea lotzeko asmoa dute mendizaleek zortzi etapatan eta dagoeneko burutu dute laugarrena. Pasa den zapatuan egin zuten Otxandio eta Urbina arteko zatia, 17,5 kilometrokoa eta 105 lagunek hartu zuten parte. Eguraldi «bikaina» egin zien, Lagun Onakekoen esanetan.

Goizeko 8:00etan hartu zuten autobusa Otxandiora joateko. Bertan ziren 9:20ak ingururako, ibilaldiari ekiteko prest.

Otxandio atzean utzi eta «inguruko baso zoragarrietan egiten du aurrera ibilbideak. Pagadietan, hariztietan eta abarretan barrena ibili ginen, eta 10:45 inguruan, Abinako urtegian ginen; leku paregabea da hura hamaiketakoa egiteko, eta hamabost minutuko geldialdia egin genuen bertan, indarrak berreskuratzeko», kontatu dute Lagun Onakeko arduradunek.

Legution egin zuten azken geldialdia. Ibilbide «lau-lauean» zehar beste zortzi kilometro egin eta 13:30 inguruan Urbinara (Araba) iritsi ziren, eguneko ibilia amai-tzeko. Etapa «motza baina polita» izan zela adierazi dute. Bazkaldu ondoren, 15:30 inguruan, iritsi ziren Azpeitira.

Data aldaketa

GR-38ko bosgarren etapa, Urbina eta Estibalitz (Araba) artekoa, maia-tzaren 11n izango dela aurreratu dute antolatzaileek -data aldatu dute, aurrez maiatzaren 18a baitzegoen aurreikusita-. Ibilaldi «erraza eta polita» izango dela diote, hogei kilometro ingurukoa.