Ederra bezain omenaldi hunkigarria eskaini diete 90 urteko herritarrei
Baigerak, Udalaren laguntzarekin, aurten 65 herritar omendu ditu. Horietatik 19 izan ziren Kirurin egindako bazkarian
ELI AIZPURU
Asteartea, 15 azaroa 2022, 00:05
Emozioak pil-pilean izan ziren igandean Kiruri jatetxean 90 urtekoei egindako omenaldian. Izan ere, pandemia osteko lehen bilgunea izan zen Baigera jubilatuen elkarteak eta Udalak egin dutena ekitaldi honetan. Guztira 65 lagunek bete dituzte bederatzi hamarkadak herrian. Horietako 19 izan ziren igandean Kiruri jatetxean. Familiako kideez inguratuta, egun ederra igarotzeko aukera izan zuten aiton-amonek.
Bazkalostean, banan-banan agurtu zituzten protagonistak Nagore Alkorta alkateak eta Patxi Altzibar Baigerako presidenteak eta makila bana oparitu zieten.
Hunkituta gehienak, alkatearekin eta Baigerako kidearekin hizketalditxo bat egin eta argazkia atera zuten. 19 herritarrek jaso zuten beraz makila igandeko ekitaldian. Gainerakoek, Baigerakoen eskutik edota udaletxean jasoko dute oparia. Honakoak izan ziren protagonistak: M. Nekane Ansoalde Odriozola, Karmen Aristi Aizpuru, M.Asunción Arregui Juaristi, M.Luisa Arruti Azpeitia, Ageda Badiola Aldekoa, M.Carmen Egiguren Gurrutxaga, Isabel Godoy Ayuso, Victoria Goenaga Segurola, Francisca Iriarte Odriozola, M.Milagros Irureta Irureta, Maria Dolores Landa Elgezua, Maria Dolores Larrañaga Carrera, Francisco Lasa Lasa, Pablo Mendoza Pérez, Faustino Mugika Zubillaga, Carlos Pernicas Nogales, Mari Cruz Udabe Osa, Juan Urdampilleta Esnaola eta Maria Iriarte Garmendia.
Nagore Alkorta alkateak eta Patxi Altzibar Baigerako presidenteak makila bana oparitu zieten
Honenbestez amaitu dira Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak antolatutako Jubilatuen Asteko ekitaldiak
Honenbestez amaitu dira Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak antolatutako Jubilatuen Asteko ekitaldiak. Azken zazpi egun hauetan askotariko ekintzak izan dituzte. Hala nola, bingoa, mahai-inguruak edota irteerak. Pasa den ostegunean, esaterako, Ezkioko Igartubeiti baserrira bisita egin zuten eta ondoren Aginagan afari merienda izan zuten. Ibilaldiak ere egin dituzte eta festa giroan igaro dute pandemiaren osteko lehen ospakizun hau. 90 urtekoei egindako omenaldiarekin agurtu dituzte ekitaldiak datorren urtera arte.