Denboraren erabileraren inguruan hausnartzeko ekitaldiak antolatu dira

Denboraren erabileraren inguruko ikerketan, emakumeen ezkutuko lana ikusaraztea da helburua.
/UDALA.
Denboraren erabileraren inguruko ikerketan, emakumeen ezkutuko lana ikusaraztea da helburua. / UDALA.

Denboraren erabileraren azterketa egiten ari da Azpeitiko Udala eta horren inguruko lanketan sakondu nahi da herritarrekin batera

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Denboraren erabileraren azterketa egiten ari da Azpeitiko Udala. Izan ere herritarrek denbora zertan erabiltzen duten aztertuta, ikusi daiteke gizartearen antolaketa eredua eta horrek dimentsio ekonomikoan duen eragina. Uda aurretik abiatu zen egitasmoa, eta opor ostean, ezagutarazi eta gaiaren inguruko kontzientzia hartu eta hausnarketarako hainbat ekintza antolatu dira.

Udalak azken urteotan eremu pribatuan, eta batez ere zaintzan, emakumeek egiten duten lana aztertu, errekonozitu eta bistaratzeko nahia edo helburua izan du: «Hasierako asmoa zaintza lanen inguruko azterketa egitea bazen ere, ez dugu modu egokirik bilatu hori egiteko. Aukerak aztertzen ari ginela, ordea, denboraren erabileraren neurketa aztertzeko egitasmoa ezagutu genuen, eta horrek guk bistarazi nahi dugun errealitatea isla dezakeela ondorioztatu genuen, eta azterketa hori egiteari ekin genion. Denbora adierazle egokia dela uste dugu», azaldu du Leire Etxaniz zinegotziak.

Gaur egun inork ez du denborarik ezertarako, nahiz eta lan oso ezberdinak izan, ardura desberdinak izan eremu pribatu zein publikoan. Baina, zertaz pasatzen dugu denbora? Zein diferentzia daude generoaren arabera? Denboraren erabileraren inguruan egiten ari den ikerketaren bidez emakumeen ezkutuko lana ikusaraztea da helburua.

Honela, hainbat ekintza antolatu dira datozen egunetarako. Estreinakoa, asteazkenenean, hilaren 19an izango da eta 'Ladrones del tiempo' dokumentalaren emanaldia eta Cosima Dannoritzer zuzendariarekin solasaldia egingo dira Soreasu antzokian, 21:00etan hasita.

Cosima Dannoritzer zuzendariaren ('Comprar tirar comprar' dokumentalaren egilea) dokumental berri honetan denbora erdigunean jartzen da; guztiak nahi duten errekurtso berria da denbora, gure denbora.

Hurrengo ekimena urriaren 2an izango da eta 'Reforma horaria' herri ekimena: berdintasunerako tresna berria aurkeztuko du sustatzaile Fabian Mohedanok. Sanagustinen izango da, 19:00etan.

2014an herri-ekimen hori abian jarri zenetik, Katalunian pauso aipagarriak eman dituzte denboraren erabilerari dagokionean. Herritarrak beraien eguneroko denbora askatasun handiagoz kudeatu ahal izatea da proposamenaren helburua: jendartearentzako ordutegi egokiagoak bultzatzen dira, emakume eta gizonen arteko berdintasuna ahalbidetzen dutenak, eta harreman, osasun zein ongizate maila hobeak lortzeko aukera ematen dutenak. Udalerri-mailako proposamena, eta egindako ibilbidea aurkeztuko dituzte solasaldian.

Azkenik, urriaren 17an, ' Zertan erabiltzen dugu denbora azpeitiarrok?' egitasmoaren barruan, herritarrekin hausnarketa saio bat egin nahi da. Elhuyar-ek dinamizatuko du eta 18:00etan izango da,Emakume Txokoan.

Inkestak, urriaren 7a arte

Ekainaren hasieran etxez etxe banatu ziren inkestak, eta ordutik jasotzen ari da Udala. Hala, uda ostean, urriaren 7a arte izango da horretarako aukera. Paperean zein on-line bidez bete daiteke. Paperean bete nahi duenak, hauek uzteko postontziak kalean daude, eta inkestak udaletxean zein Emakume Txokoan eskuratu daitezke. Horretaz gain, datozen bi ekintzetan ere izango da aukera inkestak betetzeko. On-line bidez egiteko aukera berriz, udaletxeko webgunean dago.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos