Borrar
Gastadoreen banderaduna, udaletxeko balkoian, gainerako kideekin

Danbor txikien doinuek festaz jantzi dute Azpeitia

San Sebastian egun handia are eta handiago bihurtu zuten herriko gaztetxoek. Hamar taldetan banatuta, beste behin, danborrada bikaina burutu zuten

Lunes, 20 de enero 2025, 19:34

Azpeitiarren bati urtarrileko egunen bat gogora ekartzeko eskatuz gero, dudarik gabe, 10etik zazpik, gutxienez, San Sebastian eguna aipatuko dute. Beno, agian, bezpera, baina sansebastianak. Festa esanguratsua da herrian, inola ere. Azarorako hasi ohi dira danborradaren prestaketako bilerak. Ikastetxeetan ere, jaia urrun ikusi arren, aurrez hartu ohi dituzte erabakiak. Gabonetako jaiak igaro bezain pronto datoz gainera. Jantzien konponketak, danborren rebisioak... eta konturatzeko hilaren 20a gainean. Azken asteko entseguak, Izarraitz frontoira bueltak. Herriko gaztetxo denak igaro ohi dira pasarte horretatik eta txikitatik dute barneratuta danborren jai handia. Azken egunotan izandako nerbioak eta prestaketak ongi baino hobeto atera ziren.

Goizean goiz hasi zen danbor hotsa Azpeitian, Izarraitz txistulari taldearekin eta Juan Antxieta musika eskolakoekin. Bezperako ajeari aurre egin eta Ardozaleak eta Gure Ametsa danbor taldeak ere kalean ziren, Azpeitiko Udal Musika Bandarekin eta Juan Antxieta musika eskolako txilibituen taldearekin batera.

Kalejiraren ostean eta herria berriro ere danbor doinuekin esnatu eta gero, zain zituzten udal ordezkariak udaletxe atarian, parrokiarako bidea egiteko. Urtero bezala, hainbat herritar atera zen, goizeko ikuskizunaz gozatzeko asmoz.

Behin parrokia atarian, berriro ere danbor hotsa. Santuarekin prozesioan aurrena eta amaitzeko, eliza barruan, herritarrentzat eguneko unerik hunkigarriena bizitzeko. Parrokiaren estalpean San Sebastian Martxak doinu berezia du! Itsasiko dantzari eta guzti gainera!

Batzuek une berezi hori bizi duten bitartean, eguneko protagonistek jada nerbioak airean izan ohi dituzte, danborradaren zain. Beste hainbat gazte, berriz, urteko lehen sokamuturraz gozatzeko irrikitan.

Behin hauek igarota, jendeak hartu ohi ditu herriko kaleak. Izan ere, eguneko protagonista txikiak pasatzear dira. 12:30ak pasata hasi zen danborrada. Hamar talde, batzuk Arana kaletik bera abiatzeko prest eta besteak, Artzubiatik gora. Elkartu eta ilara koloretsua osatu zuten Goiko kalean behera, Alde Zaharrerantz.

Iraurgi Ikastetxeko Zumalakarregi taldeak zabaldu zuen desfilea, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Gipuzkoako tertzioen taldea atzetik. Mikeleteak, Napoleoi urdinak, Musika Eskolako taldea eta Gipuzkoa tertzioena gero.

Itsasikoek, Iraurgiko ezpatadunek, Ikasberriko sukaldariek eta Karmeloko Napoleoi gorriek itxi zuten pasiara.

Atzetik, karroza. Txikien handitasuna erakutsiz. «Azpeitiko lanbide zaharrei» eskainia. Aitor Exposito azpeitiarrak egina. Laugarren aldiz irabazi du herritar gazteak lehiaketa eta beste behin, goian laga du palmaresa.

Herriko plazan erakutsi zuten gaztetxoek hain barneratuta dituzten doinuekin danbor errezitaldia. Hamar taldeak gustura aritu ziren, eguerdiko eguzki 'epelean'.

Behin eguneko protagonistak erretiratuta, arratsaldean, berriro ere sokamuturraren tartea izan zen. Lopene ganadutegiko abereek jendetza erakarri zuten beste behin. Diskopuntx jaialdiaz ere gozatu zuten gaztetxoek, Azoka Plazan.

Gauean, berriz, San Sebastian eguneko azken ekitaldi garrantzitsua izan zen. Musika Bandak gidatuta, Zezenzaleak, Barrenetxea, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe eta Perdillegi danbor taldeek kalejira egin zuten aurrena eta banderaren jaitsierarekin eman zieten amaiera urteko lehen festa erraldoiei. Aurtengoan, helduen danborrada inoiz baino partehartzaileagoa izan da. 31 taldek hartu dute parte guztira. Txikitxoek aldiz, eskoletan gozatu ederra hartu dute eta festa borobiltzeko, herriko kaleetan ohiko danborrada koloretsua eskaini dute.

Jai giro alaian igaro dira sansebastianak Azpeitian. Orain, dagoeneko, Karnabalen zain!

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Danbor txikien doinuek festaz jantzi dute Azpeitia