Dagoeneko agortu dira San Jose Trikiti jaialdirako sarrera guztiak

'Iturbide'k edozein une aprobetxatzen du panderoa jotzeko; soinuarekin Antzizar eta Errazu eta Labaka, jaialdiko kartelekin. / E.A.
'Iturbide'k edozein une aprobetxatzen du panderoa jotzeko; soinuarekin Antzizar eta Errazu eta Labaka, jaialdiko kartelekin. / E.A.

Zapatuan ospatuko da, 17:30ean hasita, Soreasu antzokian | Eskualdean esanguratsuak izan diren 70eko eta 80ko hamarkadetako trikitilariek hartuko dute oholtza

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Aste honetan bertan aurkeztu dute zapatuan ospatuko den San Jose Trikiti Jaialdia. Azken urteetan ohi bezala, Soreasu antzokian izango da, 17:30etik aurrera. Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, izan zen Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko Andoitz Antzizar eta hark aurreratu zuenez, dagoeneko sarrerak agortu dira. «Aurkezpena egiterako jakin dugu jada sarrerarik ez dagoela», azaldu zuen. Beraz, txartela eskuratu ez dutenek, datorren urtera begira jarriko beharko dute. Aldiz, sarrera lortu dutenetako 535 pertsonetako bat izanez gero, « 60 eta 70 hamarkadeako eskualdeko soinujoleak eta haien oinordekoak». oholtza gainean ikusteko aukera izango da. Hala dierazi zuen trikiti jaialdi esangusatsu hau antolatzen aritu ohi den lantaldeko kide Ibon Errazu azkoitiarrak. Musikarietako asko aurreko edizioetan parte hartu gabeak direla ere aurreratu zuen Errazuk.

Honela, Mamen 'Maltzet'a, Patxi Aiorga eta Joseba Zabalo; Aizpurutxo anaiak; Laja II.a eta Landakanda; Elortza anaiak; Uitte eta Zabale aita-semeak; Imuntzo eta Epelarre; eta Sakristaua, Egurrola, Epelde, Txato, Izer, Porrutxo, Berastegi eta Iturbide. Azken taldea «hamarkada horietan aritutakoa da».

Emakume bakarra

Antolatzaileen aldetik autokritika bat ere egin zuen Errazuk aurkepenean. Izan ere, jaialdian emakume bakarra dago. «Pena da», azaldu zuen antolatzaileak, gaur egungo errealitatea «beste bat delako». «Saiatu, saiatu gara baina hiru gaztek ezezkoa eman digute eta halaxe geratu da kartela».

Dena dela, umore ukitua ere izan zuen aurkezpenak. Izan ere, bertan zen Imanol Arregi 'Iturbide', pandero-jotzaile loiolatarra. Soreasuko oholtzan, jaialdiari amaiera emateko, «hiru soinujole eta bost panderista izango gara agertokian. Ez da askotan gertatu ohi. Antolatzaileen artean, bateren bat panderozalea izango da», esan zuen bere jakineko umore puntuarekin.

Josu Labaka kultura batzordeburuak bestalde, eskualdean trikitiak duen sona azpimarratu zuen. «Gero eta gazte gehiago dago eskualdean trikitia jotzen eta hori gauza ona da». Trikigiro elkartea egiten ari den lana ere goraipatu zuen udal arduradunak.

Amaitzeko, berrikuntza gisa, Trikigiro elkartea eta Kulturaz kooperatiba Azpeitiko eta Azkoitiko udalen laguntzarekin lantzen ari diren Urola bailarako trikitiaren eta trikitilarien inguruko dokumentalaren aurrerapen gisako bost minutuko ikus-entzunezko bat eskainiko dute jaialdiaren hasieran.