Azpeitia
Bustinzuriko Errebaleko San Martin jaiak «indartuta» datoz aurtengoanAzaroak 7tik 9ra bitartean ospatuko dituzte festak eta egitaraua aurkeztu berri dute. Zezenik ez da izango aurten
Urtero ospatu ohi dira San Martin jaiak Bustinzuriko Errebalean. Hala ere, beste auzo eta herri txiki askotan bezala, ospakizunak gainbehera egin du urteak joan eta urteak etorri ahala. Horren jakitun, kaleko bizilagun talde bat elkartu da, eta jaiak indarberritzeko lanari ekin diote. Udalaren laguntzarekin, Errebaleko jaietarako egitarau oparoa antolatu dute. Horren berri emateko, elkartu ziren ostegun iluntzean, kalean bertan, jaien talde dinamizatzailea eta udaleko ordezkariak.
«Pozgarria da auzotar talde bat festa hauek indarberritzera animatzea. Azpeitiko Udala saiatzen da herriko elkarteekin eta eragileekin hainbat lekutako festak antolatzen. Beste xarma bat dute jaiek auzotarrak beraiek protagonista direnean, eta udaletik horiek aurrera eramateko baliabideak jartzeko gaude. Zoriondu egin nahi ditu auzotarrak, beraien arteko sarea indartzeko eta festak biziberritzeko hasiera izan dadila», esan zuen aurkezpenean udaleko festa batzordeburu Mikel Odriozolak.
Kaletarrek beraiek azaldu zuten ondoren antolatu duten egitarauaren berri.
Azaroaren 7tik 9ra, ostiraletik igandera bitartean ospatuko dira Bustinzuriko Errebaleko San Martin jaiak. Ostiralean emango zaie festei hasiera, 18:00etan, txupinazoarekin. Arte eta Diseinu Eskolakoen laguntzarekin kartelak margotuko dituzte gero, eta haurrentzat jolasak izango dira. Parte-hartzaile guztien artean gozokiak banatuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek.
Zezenik ez
Errebal jaietako larunbat arratsaldean ohikoa bihurtu da sokamuturra. Jende ugari bildu ohi du urtero zezenak. Aurtengoan, ordea, ez da sokamuturrik izango egitarauan. Izan ere, dermatosi nodularraren kutsatzea saihesteko, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abere azokak debekatu dituzte, baita animaliekin egiten diren zenbait ekitaldi ere. Beraz, azaroaren 30era arte izango da indarrean debekua.
Zezenik ezean, beste «sorpresaren bat» izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Horretan dihardute, baina oraindik ez dute xehetasunik azaldu.
19:30etik aurrera, hori bai, UK03 txarangak alaituko du kalea, eta ogitarteko jana egingo dute. «Ogitartekoa edo txuleta» norberak eraman beharko du, eta edaria kalean bertan eskuratu ahal izango da.
Azkenik, igandean, azaroaren 9an, txistularien goiz eresiarekin esnatuko dira Bustinzuriko Errebalean, eta kaleko trikitilarien kalejira ere izango da 11:30ean.
Irrintzi topaketa
Goizean zehar, 12:00etan hasita, Kulturarteko Irrintzi Topaketa antolatu dute, kaletik nahiz balkoietatik. Euskaldun nahiz saharar irrintziak izango dira, eta parte hartu nahi duten guztiei dei egiten diete.
Ekimenean parte hartzen duten guztien artean, Bertan Merkatari Elkarteko hiru bonu zozkatuko dituzte.
Jaiei amaiera emateko, kaletarren arteko bazkaria izango dute. Printzipioz, Inpernu elkartearen laguntzarekin bertan egingo dute otordua, baina eguraldiak lagunduz gero, kalean ipiniko dituzte mahaiak.
Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Errotatxo okindegian edo errebalekofestak@gmail.com helbidera idatzita.