Bost kultur proiektu lagunduko ditu Udalak 2019ko Sorkuntza Bekarekin

Udaleko eta Kultur Mahaiko ordezkariak beka jaso duten ekin batera. / E.A.
Udaleko eta Kultur Mahaiko ordezkariak beka jaso duten ekin batera. / E.A.

Deialdira aurkeztu diren 11 lanetatik bost aukeratu dituzte eta denera 12.000 euroko dirulaguntza jasoko dute

ELI AIZPURUAZPEITIA.

Duela lau urte ekin zioten Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak sormenari bultzada emateko bidean sortzaileei beraien obra sortzeko laguntza ekonomikoa eskaintzeari. Aurten deialdian hamaika lan aurkeztu dira eta bost lagunduko ditu diruz Udalak. Guztira, 12.000 euro bideratuko dira aurtengo Sorkuntza Bekara. Edizio honetan gainera, sortzaileei espazio bat eskainiko zaie. Izan ere, Soreasuko Sormen Gunea -Dinamoa- martxan da eta proiektu hauetako kideek zein beste askok aukera izango dute beraien lanak lantzeko.

Han bertan hain zuzen ere, Dinamoan, egin da aukeratutako bost proiektuen aurkezpena. «Pozgarria da ikustea urtez urte hainbat egitasmo aurkezten direla, sortzaile gazteenak eta hainbat disziplinatakoak», adierazi zuen Eneritz Albizu Kultur batzordeburuak. Aukeratutako proiektuak «berritzaileak», diziplinen arteko mugak «hausten» dituztenak eta ikus-entzulea «hausnarketara» gonbidatzen dutenak dira. «Proiektuek balore hezkideak dituzte. Genero ikuspegia, elkarbizitza, aniztasuna, hizkuntza eta gizarteko arazoak jorratzen dituzte, besteak beste», esan zuen.

Xabier Gantzarainek, bestalde, Kultur Mahaiko teknikaria eta Dinamoaren kudeatzailea gustura agertu zen. «Ederra» eta «pozgarria» da proiektuak nola gauzatzen diren ikustea. «Jende ezberdin ugari» elkartuko da Dinamoan, eta harreman horietatik «gauza berriak» atera daitezkeela uste du.

Amaitzeko, Ainara Larrañaga zinegotziak gogora ekarri zuen hamaika proiektu izan direla aurkeztutakoak eta horietatik bost aukeratuak. Hori dela eta, bazterturik geratu diren proiektuen sortzaileak animatu zituen «sortzen» jarraitzera. «Guk datozen urteotan ere beka aterako dugu eta sormen prozesuak laguntzen eta bultzatzen jarraituko dugu», gaineratu zuen.

Bost proiektuak

Aukeratutako bost proiektuetatik hiru azpeitiarren lanak dira. «Herritarrei lehentasuna eman ohi zaio Sorkuntza Beka aukeratzerakoan baina beste herrietara ez da laguntza ixten».

Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarraren 'Satiro' antzezlana da aukeratutako proiektuetako bat. 3.000 euro jasoko ditu.

Azpeitian elkarrekin bizi diren hizkuntza desberdinen grabazio funtsa osatuko dute Maite Azpiazuk, Ainitze Urbietak eta Ana Bastidak . Hauen proiektuak 1.600 euroko dirulaguntza jasoko du.

Erika Olaizola herritarrarena da hurrengo proposamena: 'Panpina' antzezlana. Sormen prozesuan bidelagun ditu Oier Guillan eta Leire Arenas, eta Sorkuntza Bekatik 3.200 euroko dirulaguntza jasoko du.

Maite Aizpurua zumaiarrak 'Umm... mmu' izeneko obra prestatuko du Anzterki Topaketetarako. Sorkuntza Bekarekin 2.500 euro jasoko ditu lan hau gorpuzteko.

Azkenik, Idoia Hernandez oreretarrak eta Maria Elorza donostiarrak 'Histeria' ikusentzunezkoa osatuko dute. 2.500 euroko laguntza izango dute sormen lan honetarako.