Bizkaiko doinuak eta dantza izango dira protagonista gaur, Soreasuko taula gainean

Alain Sorazuk jarri dio irudia./
Alain Sorazuk jarri dio irudia.

Sahatsak, Azketa ahots taldeak, Julian Barrenetxeak eta Musika Bandak 'Bizkaia, arbasoen baratzean' lana eskainiko dute

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO AZPEITIA.

'Bizkaia, arbasoen baratzean' musika eta dantza uztartuko dituen emanaldia eskainiko dute gaur Soreasu antzokian, 21:30ean. Sahatsa dantza taldeak, Azketa ahots taldeak, Julian Barrentxea abesbatzak eta Udal Musika Bandak landutako ikuskizuna da eta doakoa izango da emanaldia. 'Bizkaia' emanaldia 2017an estreinatu zuten Sahatsak, Iraurgi abesbatzak eta Musika Bandak Azkoitian.

Astean zehar aritu dira entsaioetan emanaldian parte hartuko duten lau taldeak eta Sahatsako kide Juan Luis Lizabek DVri adierazi dionez, «martxan onean» joan da guztia.

Ikuskizunak 45 minutuko iraupena izango du. «Bizkaia lurraldeari eskainita dago eta forma estetikoa asko landu» dute.

Emanaldia iragartzeko idi baten irudia aukeratu dute, Alain Sorazu azpeitiar dantzariak marraztu duena. «Kartelerako arbasoen baratzean lema aukeratu dugu idi batekin eta ikuskizunean ere baserrietan aurreko mendean lanak nola egiten ziren antzeztuko dugu», dio Lizabek.

Musikari dagokionean, bi euskal konpositore ezagun aukeratu dituzte: Pablo Sorozabal ('Kathalin', 'Gernika' eta 'Maite' piezarekin) eta Jesus Guridi (Preludio 'El Caserio' zarzuelakoa eta 'Amaia' ezpatadantza), Benito Lertxundiren musika ere izango da eta 'Bizkaia Maite' abestiaren bertsio batekin amaituko da ikuskizuna. «Hasiera hunkigarria eta bukaera polita duen ikuskizuna da, tradiziozko dantza eta ondo hautatutako koreografiek jantziko dituzte ahotsen eta musika tresnen doinuak», aurreratu du Lizabek herritarrak eta ingurukoak ikuskizunera agertzeko animatuz.