Bizitzari keinu bat dinamikaren barruan 'udazkena' gaia landuko dute hilaren 6an
'Erein, itxaron eta jaso' egiteko garaia da udazkena eta horen inguruan ariko dira Sindikatu Zaharrean
ELI AIZPURU
Azpeitia.
Larunbata, 1 urria 2022, 00:03
Bizitzari keinu bat dinamikaren barruan, saio berri bat antolatu dute. Datorren ostegunean, urriaren 6an egingo da, Sindikatu Zaharrean, 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Tailerra doakoa da baina hala ere, aurrez izena ematea beharrezkoa da, lekua bete arte. Horretarako, Manex Beristain antolatzaileari deitu behar zaio 635 75 39 85 telefonora.
Saioaren egitekoa udazkenari ongietorria ematea dela adierazi dute sustatzaileek. Bertan, meditazioa, bisualizazioak, inprobisazio dinamikak, dantza, hitza... landuko dituzte. «Barrura begira une dibertigarri eta gozoak igaroko ditugu», esan dute.
'Erein, itxaron eta jaso' izenburua ipini diote saioari. «Uda igaro dugu, etengabe egiten eta mugimenduan aritu gara, hara eta hona. Udazkena heldu da. Itxoiteko garaia, gelditzekoa, lasaitasunera itzultzekoa. Horrekin batera, urtean zehar egindako guztiaren emaitzak jasotzekoa». Hori izango da tailerrean landuko denaren funtsa.
Herritar oro gonbidatzen dute saioan parte hartzera eta une «eder bat, elkarrekin» igarotzera.