Bigarren eta azken asteburura iritsi da Azpeitia Dantzan egitasmoa

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO AZPEITIA.

Pasa den asteburuan eman zitzaion hasiera Azpeitia Dantzan egitasmoari. Oraingoan, asteburu honetan, beste hiru saio izango dira eta, honenbestez, aurtengoz amaitutzat emango da dantzara gonbidatzen duen eta herriko hainbat dantzari taldek eskaini ohi duten programazioa. Hiru saio ikusteko eta gozatzeko aukera izango da gaurtik igandera bitartean. Honela, gaur, 23:00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunea dantzaleku bihurtuko da, hala nahi duenak, bertan dantzatu dezan.

Sahatsa dantza taldearen tartea izango da bihar, zapatua. 20:00etan hasiko da emanaldia Plaza Txikitik abiatuko den kalejirarekin eta ondoren plazan izango da ikuskizuna.

Lapurtar makil joko eta kontradantzarekin ekingo diote Sahatsakoek emanaldiari. Bidasoako lurretan, Bera, Arantza eta Lesakako doinuek girotuko dute gero saioa. Bidasoa utzi eta Nafarroako erriberara igaroko dira. Ondoren, Gipuzkoako brokel eta uztai jokoekin jarraituko dute eta Zuberoako doinuekin amaituko dute etenik gabeko dantza saioa.

Igandean emango zaio amaiera Azpeitia Dantzan egitasmoari. Trikitixa erromeria eta dantza jauziak dantzatu ahal izango dira plazan, 19:00etatik aurrera.

Aurreko asteburuan eman zitzaion hasiera aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoari. Capoeira izan zen berrikuntzetako bat pasa den ostiralean. Ondoren, zapatuan, Itsasi Euskal Kultur taldearen tartea izan zen eta igandean, aldiz, publikoarekin urteroko zita izan zuten areto dantzetako ikasleek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos