
Aitor Exposito | Haurren danborradako Karrozaren egilea
«Beti esaten dut azkena izango dela baina buruari bueltaka hasten naiz gero»Secciones
Servicios
Destacamos
Aitor Exposito | Haurren danborradako Karrozaren egilea
«Beti esaten dut azkena izango dela baina buruari bueltaka hasten naiz gero»Azpeitiko aintzinako lanbideak' izango du gaitzat bihar, San Sebastian Egunez, haurren danborradaren atzetik desfilatuko duen karrozak. Egilea ere aski ezaguna da. Izan ere, laugarrenez diseinatu du karroza Aitor Expositok. Arkitektoa da Exposito eta karroza egiteak bere lanerako ere «asko balio» diola dio. 1.500 euroko saria jaso du gaia «modu egoki, profesional eta eguneratuan» aurkezteagatik. Behin lehiaketa irabazita, bere ardura izan da paperean zuena ikusgarri bihurtzea. Azken hitza herritarrek izango dute orain. eguerdiko 12:30ean aterako da, haurren danborradaren atzetik. Orduan azalduko da azken asteetan gorderik izan den sekretua.
– Dena prest al dago karroza ateratzeko? Lan asko izan al duzu asteotan?
– Bai, ohi baino lehenagotik amaituta dago karroza. Urtarrilaren 2rako hasi ginen, aurrekoetan baino lehenago eta ostegunerako ia amaituta zegoen dena.
– 'Azpeitiko lanbide zaharrak' irudikatu dituzu. Aurreratu al dezakezu zerbait, nolakoa izango den?
– Sektoreka irudikatu ditut lanbideak. Lehen sektorean baserritarra eta latsaria (garbitzailea) ipini ditut. Bigarrengoan, arotza eta organo egilea eta hirugarrenean, tren geltokiko langilea. Erdian, erreka dago. Urola ibaia azaldu nahi izan dut. Aintzinako lanbideak ibaiaren ertzetan kokatzen baitziren, haren bueltan zuten lotura irudikatuz.
– Gai zabala da aurtengoa. Gustatu al zaizu?
– Zabala eta aukera askoko gaia izatean, gehiago kostatu zait. Hala ere, ez litzaidake gustatuko gaia librea izatea. Orduan ez nuke asmatuko-eta nondik hasi. Gai librea lagaz gero, askoz zailago egingo zitzaidan. Beti esaten dut ez naizela gehiago aurkeztuko baina gaia ikusten dudanean, buruari bueltaka hasten naiz.
– Ideia edukitzetik karroza egitera, prozesu luzea da, proba asko egin al dituzu?
– Ordenagailuaren aurrean jarri eta hasten naizean izugarrizko proba pila egiten ditut. Bertsio asko egiten ditut, 20tik gora agian, modifikazioak ia denak, nahi dudanarekin eman arte.
– Aurreko hiru karrozak egiterakoan, gurasoen laguntza azpimarratu nahi izan duzu. Oraingoan ere hala izan al da?
– Bai, aurreko urteetan Amsterdamen nengoen lanean eta garrantzitsua izan zen. Oraingoan, Bilbon igarotzen dut astea eta karrozaren bueltan ibili dira biak azkenaldian. Aitak gremioekin-eta laguntzen dit, arotz lanak kontrolatzen ditu eta amak, aldiz, haurren arropekin. Nolako arropak nahi ditudan eta proposa-tzen dut nik baina gero oso zaila egiten zait. (Aurten Iraurgi Ikastetxeko haurrak izango dira karroza gainean).
– Karroza aurrez ikusteko eskaerak jasotzen al dituzu?
– Ez da lehen aldia eta inguruko jendeak ere paso egiten du. Lehen lagun bakarren bat eraman izan nuen tailerrera,ikustera, baina jada ez daukate halako interesik. Etxekoak bai, gurasoak asko lagundu didate.
– Iritsi da eguna. gaur danborradan aterako zara? Eta, nolakoa izango da bihar, San Sebastian Eguna zuretzat?
– Bai, Inpernuko elkartean aterako naiz danborradan. Hurrengo egunean ondo egoteko, parranda ere zaindu beharra daukat. Egunean haurrak antolatzen ditut ileapaindegira joateko. Gero 12etarako karroza parean egon behar dute. Haurrak lotzera joaten naiz, mosketoiarekin lotuta joan ohi dira-eta karroza gainean. Behin ateratzen direnean, jende artean egoten naiz baina piska bat atzeratuta, ez dit graziarik egiten jendearen esanak entzuteak.
– Kritika asko jaso izan dituzu?
– Ez, txarra baldin bada, ez dira etortzen, baina beti dago norbait kritikatzeko prest. Aurten, adibide bat jartzeko, treneko estazioko atea irudikatu dut karrozan. Bertakoren bat etorri zen ikustera eta «honek ez dik askotan ikusi treneko atea!» esan zuen. Ondorioz, begira ibili nintzen ateari baina kontuan hartu behar da, halako lan batean sinplifikatu egin behar duzula dena, neurriak ere askoz txikiagoak dira eta denbora ere ez da soberan izan ohi eta... Lehen kritika jasoa dut beraz.
– Karroza diseinatzen duzun laugaren aldia izanda, ikasteko ere balio izan al dizu esperientziak?
– Asko ikasi dut eta entretenitu ere bai. Alderik handiena gremioekin-eta, hauek tratatzerakoan nabaritu dut. Bestela, prozesuan zehar, ez. Oraindik ere gauza berdinei buelta asko ematen diet. Gremiokoek gehiago dakite eta ikusi dut asko sinplikatuta beraiek ere errazago egiten dutela lan. Hala ere, askotan beraiek izan dira gauzak proposatu eta detaile gehiago sartu dituztenak. Balantza hori izan behar da kontuan, detaileei arreta jarri baina gauzak erraztearena. Azken finean, bi aste dituzu lan dena amaitzeko eta. Bestalde, askotan gure lanbidean egiten dugun lana ikustea zaila da, denbora asko pasatzen da proiektua gauzatuta ikusi ahal izan duzun arte eta honek aukera hori ematen dizu. Egun gutxitan, egin duzun lan guztia ikus dezakezu. Kalean erakustea baino horrek egiten dit ilusioa: Egindako lana benetan ikustea. Polita da zuk egindako lan bat kalean ikustea, festaren parte izatea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.