Berrogeita bat maratoiren bila, milaka kilometro, eta gehiago nahi!
Urte asko daramate korrika eta hirurogei urte egin dituztenean amets bat ere betetzera doaz: New York-eko maratoia egingo dute igandeanJosu eta Joxe Migel Manzisidor Anaia bikiak eta maratoilariak
ELI AIZPURU
Martes, 1 de noviembre 2022, 00:01
Iaz, hamazazpigarrenez, Donostiako maratoia egin zuen Josu Manzisidorrek eta 60 urtez gorakoen mailan podiumera igotzea lortu zuen gainera. Bazebilkien ordurako asmo bat buruan: New Yorkeko maratoia egitea eta 60 urterekin bere ametsetako bat burutzea. Pandemia tarteko, ordea, ezinezkoa izan zen. Orain, urtebete beranduago, eta 61 urterekin, ametsetako nahia betetzera doa eta alboan anaia bikia izango du: Joxe Migel. Igande honetan bertan, azaroaren 6an, bi anaiak New Yorkeko maratoiaren irteeran izango dira. Beste behin, elkarrekin.
Publicidad
Izan ere, bizitza osoa daramate elkarren alboan. Bidelagun izan dira beti, amaren sabeletik hasita: soldadutza elkarrekin, koadrilla berean, lanean batera, entrenamenduak berdin... Desberdintasuna, bakarra: bata ezkondua eta familiaduna da eta bestea, ezkongabea. Agian horrek eman dio bati –Joxe Migeli– maratoi gehiago egiteko tartea. Izan ere, «semeak txikiak zirenean, denbora batean, haiekin lasterketa popularrak egin nituen, umeei afizioa sartzeko eta anaiak maratoiak egiten jarraitu zuen», dio Josuk.
Biak ala biak pasio bera dute gainera: korrika egitea. Esaterako, Josuk 17 maratoi ditu eginak eta Joxe Migelek, berriz, 22.
Bakoitzaren maniak ondo ezagutzen dituzte. Esaterako, Josu beti anaiaren eskubitara joan ohi da entrenamenduetanHamazazpi maratoi ditu eginak Josuk eta hogeita bi Joxe Migelek. Orain berrogeita bi osatu nahi dituzte
Gazteagoa zela hasi zen Josu lasterketetan. Gogoan du 18 urterekin egin zuen lehen 21 kilometroko proba: «Jai karnabal batean, Donostian maratoi erdia zegoela-eta, bezperan erabaki genuen, 'Bikuñak' koadrilako batek eta biok bertan atera behar genuela. Batere entrenatu gabe joan ginen». Harrez geroztik, lasterketa herrikoietan eta parte hartzen jarraitu zuen.
Hala ere, soldadutzan (Cartagenan eta Ferrolen egon ziren bi anaiak) konturatu zen Josu ondo ematen zitzaiola korrika egitea. «Lasteketa motzak egiten ziren han eta atera nintzen karreterako bat irabazi nuen. Hori zela eta, atletismo sailean sartu nintzen eta han hasi nintzen entrenatzen», dio.
Joxe Migelen kasuan, berriz, «soldadutzatik etorri eta gero» hasi zela korrika gogoratzen du. «Futbolean aritzen nintzen eta zerbait egin beharra nuela eta horrela hasi nintzen korrika», dio. Lehen maratoia 24 urterekin egin zuen Joxe Migelek.
Publicidad
Entrenatzeko eran, saltoa
Soldadutzatik lizentziatu ostean, 22 urterekin egin zuen Josuk lehen maratoia, «gero 23 urterekin egin nuen bigarrena, neure kasa entrenatuta», gogoratzen du. Urola atletismo taldekoak (Zumarragakoak) deitu zioten ostera eta han egin zuen fitxa, Santi Perez ezagunarekin. 26 urterekin atera zen hurrena maratoian eta «izugarrizko aldea» izan zen. «2:32ko denbora egin nuen estreinakoan, 2:34 bigarrenean eta entrenamenduekin hasi nintzenean, federatuta, 2:26ra jaitsi nuen. Hor eman nuen saltoa», dio Josuk.
Arantzatxoa, 100 km-koan
Hortik aurrera –Joxe Migelek lasterketa herrikoietan-eta hartzen zuen parte–, «nire entrenamenduekin aritzen zen anaia ere».
Baina 1992an, Joxe Migeli 100 kilometroko proba batean ateratzea sartu zitzaion buruan eta baita egin ere. Torrelavegan izan zen eta 7:29:34ko denboran egin zuen lasterketa. «Biok prestatu nahi genuen baina etxean ez zidaten utzi niri», dio Josuk, emazteari begiratuz. «Badut horrekin arantzatxo bat», aitortu du.
Publicidad
Ez da ez horregatik anaiarekin haserretu baina izan dute bidean haserreak sortu dizkieten egoera bat edo beste. «Bi edo hiru jugada egin dizkit», dio Joxe Migelek, eta baita besteak azkar ulertu ere. «Bai, gaizki portatu nintzen», erantzun du, «baina marka egin genuen», gaineratu ere.
«Munduko kopako lasterketa batean izan zen», azaldu du Joxe Migelek. «Bost edo sei lagun gindoazen eta 'elkarrekin egingo diagu' esan zidan anaiak». Batekin 'pikatu' zen ordea eta karrera guztia apurtu zuen. «Estadiora sartzea nindoala –jarraitu du Josuk–, jendearen garrasiak entzuten nituen, ezagunak nonbait, eta atzetik anaia zetorrela konturatu nitzen. Zeharo jota nindoan baina esprintatu egin nion». Amaieran, 2:24:02an sartu zen Josu helmugan eta segundu bakar batera Joxe Miel, ordura arteko kronorik onenean.
Publicidad
Maniatxoak
Urte hauetan guztietan denbora asko eta kilometro ugari egin dituzte eta elkar asko ezagutzeaz gainera, bakoitzak dituen maniak ere ondo dakizkite. Esaterako, entrenamenduetan Josu beti anaiaren eskubi aldetik joan ohi da eta probaren batera doazenean «kafea hartu behar izaten dugu beti».
Beraz, kafea hartu eta elkarren alboan, ezker-eskubi, izango dira igandean ere. New York hiria zeharkatu beharko dute. Josuren ilusioa da batik bat, baina, zein izango zuen ba amets hori betetzeko bidelagunik hoberena anaia baino? «Gutxi nabil, lesioekin-eta gaizki, eta lasa-lasai, patxadaz, amaitzera noa», azaldu du Joxe Migelek. Josuk, berriz, korrika jarraitu nahi du. Behin hau egindakoan, bien artean 41 maratoi izango dituzte eta 42.a egin nahi du Josuk. «42 kilometro ditu maratoiak eta 42.a egitea nahiko nuke».
Publicidad
Ez da ez ahuntzaren gauerdiko eztula! 41 maratoiren ostean, 1.722 kilometro eta gero, milaka eta milaka orduko korrikaldien ostean, aurrera jarraitu nahi du berrogeita bigarrenaren bila. Ilusioa bakarriz ez, sasoia ere bada hori!
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión