Berrogei urte betetzean, topa!
Urteurren borobila bete dute Euskal Antzerki Topaketek. Hori dela eta, elkartu dira Dinamoan herriko antzerkigintzan giltzarri direnak eta aitortza ere egin zaie
ELI AIZPURU
azpeitia.
Asteazkena, 16 azaroa 2022, 00:06
«Antzerki Topaketek izaera eman diote Azpeitiari. Egiteko eta izateko modu bat. 'Herriye' antzezlana izan daiteke horren isla. Eta antzerkiak talentua ekarri du Azpeitira. Asko dira oholtza gainean zein azpian antzerkigintzaren bueltan ibili izan diren eta ibiltzen diren azpeitiarrak», Eneritz Albizu kultura batzordeburuaren hitzak dira, pasa den zapatuan antolatu zuten Topa hitzorduan esanak. Udalak eta Kulturaz kooperatibak deitu zuten bilgunea, Dinamoan. Helburua: antzerkiak Azpeitian berrogei urte hauetan izan duen bilakaera gogoratzeko. memoria eta egindako lanaren aitortza egiteko, topa! batekin. Izan ere, «pandemiaren ostean, ospatzeko edo gutxienik elkartzeko, atzera begiratu eta egindako lana errepasatu eta aurrera begiratzeko momentua izan daitekeela iruditu zaigu», esan zuen Aitor Bengoetxea Kulturazeko kideak.
Urte hauetan guztietan egindako lana eskertzeko tartea ere hartu zuten. Hori dela eta, Imanol Eliasek, Maria Jesus Larrañagak eta Pili Arrietak jaso zuten aipamena. Elias zena alkate zen antzerki topaketak sortu zirenean eta herriko antzerkigintzan erreferentea zen; Larrañaga batzordeburua zen garai hartan eta Arrietak, aldiz, 32 urtean dihardu topaketen antolaketa lanean, kultur teknikari gisa.
«Itsaso zabala» aurrean
Historia eta egindako lana gordetzeko eta orain artean bezala, bidearekin jarraitzeko wikipediara egin dute salto Antzerki Topaketek. Honela, antzerki topaketen historia biltzen duen orri nagusiaz gain, urtez urteko kartel, programazio eta esku-orriak, argazki galeriak edo Azpeitiko antzezle edo obren inguruko informazioaaurki daiteke jada wikipedian.
Iraganari eta orainari keinua
Ekitaldiaren bukaeran, aurtengorako eginiko horma-irudi edo aktuazioak azaltzeko tartea ere hartu zuten eta Soreasuko horma-irudia ikustera joan ziren parte hartzaile guztiak (argazkian, atzean ageri da margotutako horma). Bertan, Etxebizitza bloke batean, Azpeitiko antzerkizalez betetako leihoak irudikatu dira, iraganari zein oraingoari keinu eginez. Bertan ikus daitezke, Iñaki Bergara eta Pilar Aizpitarte, Joxe eta Nagore Aranburu, Erika Olaizola eta Gurutze Eizagirre edota antzerki tailerreko kideak.
Beraz, Soreasu auzoan, antzerkiak beste erreferentziazko gune esanguratsu bat ere badu.
Jarraipena, asteburuan
Euskarazko Antzerki Topaketak azken asteburuan sartu dira. Igandean izango d aazken saioa baina aurretik oraindik ere hainbat lanez gozatzeko aukera izango da.
Honela, bihar, osteguna, Eneritz Artetxeren 'Lacoste' ikusi ahal izango da Dinamoan, 19:00an hasita; Ostiralean Soreasura egingo dute jauzia topaketek eta 'Intxaurra' lanaz gozatzeko aukera izango da (19:00).
Zapatuan, haurrei nahiz helduei eskainita, 'Batetik bestera' izango da, 17:00etan hasita; eta azkenik, igandean, Metrokoadrokan 'Zeozertan dabil baino ez dakirt zertan' lana taularatuko du, 19:00etan, Soreasu antzokian izango dira saioak.