Baltsa jaitsiera egingo dute Gaztetxeko kideek zapatu eguerdian

Ikuskizuna sortu ohi du urtero baltsa jaitsierak. / ALEX BERASATEGI
Ikuskizuna sortu ohi du urtero baltsa jaitsierak. / ALEX BERASATEGI

Hamairugarren urteurrena beteko du Azpeitiko Gaztetxeak eta egun osoko egitaraua antolatu dute hori ospatzeko

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Uztailarekin batera, herriko hainbat ospakizunen artean, bada urtero jende ugari bildu ohi duen ekitaldi bat eta urteak pasa ahala, herritarren agendan bere tartetxoa egin duena, Gaztetxeko kideek antolatu ohi duten baltsa jaitsiera, alegia. Jende ugari bildu ohi da Urola ibaiaren bi ertzetan gazteek diseinatutako baltsak ikustera. Zapatuan izango da ikuskizuna.

11:00etarako prest izango dira imajinazioz betetako gailuak eta plazan ipiniko dituzte aurrena ikusgai. Hamaiketakoaren ostean, 12:00etan abiatuko dira uretara. Urtero legez, azoka plaza alboko potzuan ureratuko dira eta Damasora arte 'nabigatuko' dute Urola ibaian.

Baltsa jaitsiera gazteek antolatutako programazioaren estraineko ekitaldia besterik ez da izango. Izan ere, Gaztetxeak 13 urte bete ditu eta egun osoko egitaraua antolatu dute. 14:30ean, bazkaria egingo dute Gaztetxean. Ondoren, baltsa jaitsierako sari banaketa izango da. Arratsaldean, 17:00etan, Kalejiran aterako dira, jolasekin eta karro musikatuarekin. 21:00etan, luntxa izango dute eta ondoren, 22:30etik aurrera, Kontzertuen tartea izango da, Marianitos Blai eta Pellanbre taldeen emanaldiekin.

Bazkarirako txartelak salgai daude Urola Expres eta Orkatz tabernetan. Ikasleek eta langabetuek 8 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek, 12 euro.

Ikasturten zehar hainbat eta hainbat ekitaldi izan dituzte Gaztetxean. Honela, hitzaldiak, jardunaldiak, bideogintza, antzerki alternatiboaren zikloa, boulder txapelketa, Bertsio Gaua, film laburren txapelketa, garagardo azoka edota liburuen aurkezpenak, batzuk aipatzekotan. Urteurrenaren ospakizunaren borobilduko dute orain urtea.

 

Fotos

Vídeos