Bailarako trikitilariak bilduko ditu Trikigiro Egunak urriaren 28an
Trikitilari gazteen emanaldia, kalejira, afaria eta erromeria egingo dituzte eta 150 inguru lagun batzea espero da
ELI AIZPURU
AZPEITIA.
Larunbata, 15 urria 2022, 00:10
Trikitixak sona handia du Azpeitian. Gaztetxo asko dira gaur egun herriko eskola desberdinetan soinuaren eta panderoaren aldeko hautua egin dutenak. Hori dela eta, trikitiaren ondarea herrian bultzatzeko sortu zen Trikigiro kultur elkartea eta 2016az geroztik Trikigiro Eguna antolatu ohi du. Pandemian ez ezik, urtero ospatu dute trikitiaren inguruko jaia eta aurtengoan ere hala egingo dute. Urriaren 28an izango dute egun handia eta herriko eta inguruko 150 trikitilari inguru batzea espero da. Hau izango da Trikigiro jaialdiaren zazpigarren edizioa, izen bereko kultur elkarteak eta Kulturaz kooperatibak antolatuta.
Egitarauari dagokionez, 19:00etan trikitilari gazteen emanaldia izango da Sanagustin kulturgunean. Ondoren, 20:00etan, kalejira egingo dute, eta ondoren, argazki erraldoia aterako dute, ohi bezala, Plazan. Gaueko 21:00etan, topaketan bildutako trikitilariek afaria egingo dute Sanagustinen; menua 20 euro ordaindu beharko da, eta kulturaz.eus atarian nahiz Sanagustinen eman daiteke izena. 23:00etan, erromeria izango da, eta nola ez, trikiti giroan, erromeriarekin amaituko dute eguna.
Erakusketa Sanagustinen
Trikigiro Eguna girotzen joateko, erakusketa jarri dute Sanagustin kulturgunean. Urriaren 30era bitartean izango da ikusgai. Bertan, eskualdeko trikiti munduari lotutako hainbat argazki ikus daiteke, zuri-beltzean.
Irrien Lagunak, igandean
Irrien Lagunak taldeak Elkartasun jantokia ikuskizuna eskainiko du igandean, urriak 16, Soreasu antzokian. Haurrei zuzendutako 50 minutuko saioa izango da. Largabista, Tiritatxo eta Martinber dira ikuskizuneko protagonista nagusiak. Sarrerak Kulturazen webgunean eskura daitezke, zortzi euroen truke.
Honela dio sinopsiak: Largabista eta Tiritatxo janaria prestatzen ari dira, ondoren Martinberrek elkartasun jantokira eraman dezan. Tarteka, norbaitek jakiren bat lapurtzen die. Hasieran, Irrien Lagunak ez dira konturatuko, baina bat-batean, Martinbertsok tranpa txiki baten bidez lapurra harrapatuko du. Nor ote da? Herriko emakume bat da. Bere lana eta etxea galdu eta kalean bizi dena. Lotsatu egiten du duen egoerak eta inor konturatu gabe behar duen janaria lapurtuzen du. Inoiz ez dute harrapatu. Gaur arte. Martinberrek berarekin Elkartasun Etxera joateko proposamena egingo dio. Joango al da?