III. Azpeitiko Txakurkrosa jokatuko da bihar Loiolako inguruetan

Aurreko edizioetako irudia, Sanjuandegin. /  E. A.
Aurreko edizioetako irudia, Sanjuandegin. / E. A.

Goizeko 10:30ean izango da irteera eta 7,5 kilometroko ibilbidea egingo dute partehartzaileek

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Urtebeteko geldialdiaren ostean (2015ean eta 2016an ospatu ziren aurreko probak), bihar, igandea, jokatuko da berriro III.a izango den Azpeitiko Txakurkrosa, Elmubas saria. Ibilbide berriarekin dator gainera. Izan ere, Loiolako basilika aurretik irten eta alberge ondotik pasatuz, Txalintxo eta Munohaundi inguruetatik bueltan, Garate anaia aurretik berriro ere Loiolara itzuliko da proba. Antolatzaileek aurreratu dutenez, dagoeneko 70 partehartzailek eman dute izena beren txakurrekin. Egunean bertan ere inskripzioa egin ahal izango da eta 20 euro ordaindu behar dira.

Goizeko 10:30ean hasiko da lasterketa, baina aurrez, 8:30etik 10:00etara bitartean, albaitari kontrolak, material kontrolak eta dortsal banaketak egingo dira. Dortsalak jaso ahal izateko aipatutako beste bi kontrolak egitea derrigorrezkoa da.

7,5 kilometroko ibilbidea bete beharko dute partehartzaileek. Behin lasterketa nagusia amaituta, umeen lasterketa eta txakurrekin arrasto bilaketa erakustaldia egingo dira, Amarok Educación Canina-ren eskutik. 13:00etan sari banaketarekin hasiko dira.

Parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da txakurrak urte bete, gutxienez, izatea; animaliaren dokumentazioa aurkeztu beharko da eta txipa ere erregelan duela baieztatu. Bestalde, txertoak ere hartuta izan behar du txakurrak (amorruaren kontrakoa, gaitz anitzekoa eta txakurtegiko eztularena).

Lasterketan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da txakurkroseko gerrikoa (pertsonarentzat); tiroko arnesa (txakurrarentzat); tiroko linea (arnesa eta gerrikoa lotuko dituena). Lasterketa aurretik dagokion kontrola pasatu beharko da, materiala egokia dela ziurtatzeko.

 

Fotos

Vídeos