Azpeitiarren «beharrak eta kezkak» ezagutzeko galdeketa abiatuko da

EH Bilduko kideak prentsaurrean. /  E.A.
EH Bilduko kideak prentsaurrean. / E.A.

'Zugandik hasita, herria egiten' ekimena martxan jarri du EH Bilduk

AZPEITIA.

2019a hauteskunde urtea izango da eta programa osa-tzen hasiak dira jada talde politikoak. Atzo bertan, ekimen berri bat aurkezteko agerraldia egin zuten EH Bilduko kideek «orain arte Azpeitian egindako lanari jarraipena» emateko asmoz. «Azken urteetan Azpeitian erakutsi da posible dela gauzak beste modu batera egitea; eta, gainera, eredu berritzaile eta irekiagoan lan eginez, kudeaketan eraginkorragoak izan gaitezkeela. Herritarren zerbitzura arituko den udal bat nahi dugu, eta bide horretan sakontzeko, herritarrengan jarri behar da abiapuntua, ezinbestean».

Hori dela ta, azpeitiarren «beharrak eta kezkak ezagutzea» nahi dute da, eta haietatik abiatuta «etorkizuneko Azpeitia» antolatzea. «Ahalik eta herritar gehienen iritziak bildu nahi ditugu, kolektibo, behar eta bizimodu guztiak kontuan izanda, eta denen hitza entzunda», adierazi dute. Horretarako, talde profesional batekin, galdetegiak egingo dituzte datozen egunetan, telefonoz. 400 herritarren iritziak jasoko dira metodo horren bitartez.

Bestalde, internet bidezko galdetegiak ere jarriko dira sarean. Dagoeneko bete daitezke estekahonen bitartez: labur.eus/wdCZl. Galdetegiak irekiak dira, eta ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi da, argazki osoago bat egiteko.

«Zugandik hasita eraiki nahi dugu Azpeitia, zugandik hasita soilik egin daiteke herria», esan dute EH Bilduko kideek eta herritarrak animatu dituzte ariketa honetan parte hartzera. «Iritzi eta ekarpen bakoitza eta guztiak izango dira beharrezkoak gure herriaren lehentasunak ondo definitu eta horiei erantzuteko», amaitu dute.