Azpeitiarrak garaile, Goiazko herri kirol desafioan

Desafioko parte hartzaileak; azpeitiarrak gorriz./SENPERENA
Desafioko parte hartzaileak; azpeitiarrak gorriz. / SENPERENA

Parte-hartzaileak, besteak beste, trontzan, ingudearekin edo txingekin ibili ziren

MIREIA GALARZAAZPEITIA.

Andra Mari jaiak ospatu dituzte beste herri batzuetan bezala Goiatzen ere. Hainbat eta hainbat ekintza egon dira hilaren 14tik 18ra, eta horietako bat izan zen igandean jokatutako herri kirol desafioa. Bertan, Goiazko gazteak Azpeitiko soka mutilen aurka aritu ziren, eta lehia estuaren ondoren, azpeitiarrek lortu zuten desafioa irabaztea.

Dozenaka jende bertara inguratuta, 19:00etan hasi zen proba. Trontzan, ingudearekin, txingekin, lokotxak biltzen eta korrikan ibili ziren Azpeitikoak eta Goiazkoak. Guztira, lau zirkuitu egin zituzten parte-hartzaileek, eta horietako bakoitzarekin hasi aurretik, talde bakoitzeko aizkolariek eta harri-jasotzaileek egin zituzten beren lanak. Hain zuzen ere, Txikia IV.a eta Larrañaga aizkoran eta Goenatxo II.a eta Guzta harri-jasotzen aritu ziren.

Goiazko festa batzordeko kideek «balorazio positiboa» egin dute festen inguruan. Izan ere, antolatu dituzten ekintzekin egunean zehar herrira «jende asko» gerturatu dela diote. «Gauean zailagoa da jendea erakartzea; izan ere, inguruko herri askotan ospatzen dira festak egun horietan, eta zaila da, besteak beste, Donostiako edo Azkoitiko festekin lehiatzea. Gu, ordea, pozik gaude», gaineratu dute elkartekoek.