Umeen Egun Arroxako ekintzetan parte hartzeko izena emateko azken eguna da gaur
Izena emateko mahaitxoa jarriko dute Plazan, 12:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara; uztailaren 24an ospatuko da
ELI AIZPURU
Osteguna, 14 uztaila 2022, 00:02
Uztailaren 24an, igandea, izango da aurtengo Ume Eguna, eta Haujijijai Festa Batzordeak dagoeneko prest du bere egitaraua egun honetarako. Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxan parte hartu nahi duten lagunek gaur, osteguna, eman ahalko dute honetarako izena. 12:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara jarriko dute izena emateko mahaitxoa, Plazan. Izen-ematea bost euro ordaindu beharko da, eta eguneko ekintzez gain herritarrek Marea Arroxako kamiseta berria eskuratuko dute bertan. Bazkaria, jolasak eta kalejira antolatu dituzte festa herrikoien aldeko batzordeak Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxarako. 14:00etan elkartuko dira ekintzetan parte hartzera animatzen diren gaztetxoak. HH4ko eta HH5eko haurrak Frontoi Txikian elkartuko dira; aldiz, LH1, 2 eta 3 mailetako gaztetxoak Done Jakue kaleko parkean; eta azkenik LH4, 5 eta 6 mailetako lagunak Ludoteka aurrean izango dute hitzordua. Behin elkartuta, bazkari eder bat izango dute denek batera, eta ondorenerako jolasak eta kalejira izango dira herrian zehar. Kalejira amaitzean, 17:30ak aldera, gurasoekin elkartuko dira berriro ekintzetan parte hartu duten gaztetxoak, elkartutako leku berean.