«Azkenaldian pilotan aritzea plan perfektua da guretzat»

Nagore eta Jokin, nola ez, pilotarekin eta frontoian. /  E. A.
Nagore eta Jokin, nola ez, pilotarekin eta frontoian. / E. A.

Nagore Aramendi eta Jokin Artetxe ama-semeak Añorgako pilota finalak jokatu dituzte, bakoitzak bere kategorian

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Ordu asko eta asko igarotzen dituzte frontoian Artetxe Aramendi familiako zazpi kideek. «Azkenaldian pilotan aritzea plan perfektua» dela beraientzat dio Nagorek, amak. Berarekin batera, Jokin, seme zaharrena aritu ohi da askotan eta aita, Antton, bigarrenarekin, Julenekin. Beste hiru alaba dituzte, hirukiak, eta «hauei ere pilotako arra pizten ari zaie, izan ere, denbora igarotzen dute frontoian».

Eta entrenamenduak baditu fruituak. Nagore eta Jokin Añorgako bi pilota finalean izango dira. Jokinek gaur bertan jokatuko du IV. Jose Manuel Iribar saria Mikel Iturralderekin. Salaberria anaiak izango dituzte aurrez aurre. «Nahiko partida zaila daukate gureek aurretik. Ez da lehen aldia Salaberria bikiekin aritzen direna eta jakitun dira gogorra izango dela», dio Nagorek. Hala ere, «mutil lasaia da Jokin», esan du, «uste dut geuk okerrago pasako dugula», dio, familiak ez baitu hutsik egingo gaur Añorgan.

Aurtengo seigarren finala du gaurkoa Jokinek. Urte borobila ari da egiten benjamin mailan lehiatzen den Azpeitiko pilotari gazteak.

Orotara jokatu dituen bost finaletatik hirutan azpitxapeldun izan da eta txapela eskuratu du birritan.

Urtarrilean, Goizuetan, II. Umore Ona Txapelketan finala jokatu zuen Eneko Bidezabalekin eta azpitxapeldun izan zen; Ondoren XVI. Eskuz binakako Big Mac-Mendi Txurin lehiatu zen, Donezteben, Mikel Iturralderekin. Ezin izan zuten irabazi. Udaberriko XXVIII txapelketa jokatu zuen gero, Elizondon , Abel Astigarragarekin, eta han ere ezin txapela lortu.

Zortea alde izan zuten ordea maiatzean, eta XXVIII Josetxo Ezkurra Memoriala irabazi zuen, banaka, lau t´erdian. Ekainean, berriz, berriro jantzi zuen txapela, Barañaingo XXVII San Esteban Pilota Txapelketan, Abraham Antimasberesekin. Gauzak horrela, irabaztea legoke gaurkoan ere. Ikusi egin behar. Hala ez bada, aurretik du oraindik herrian jokatzen ari den Cesar Valverde pilota txapelketa, finalerdietara iritsi baita Xabat Egiguren bikotearekin.

Iaz txapeldun

Pilotaren zarata ez da isilduko ez etxean. Izan ere, entrenatzen jarraituko dute. Hilaren 15ean du partida amak, Nagorek. II. Barasa txapelketako finalera iristea lortu du Leire Etxanizekin. Uztailaren 15ean jokatuko dute. Ez dute estreinako aldia, iaz txapeldun izan baitziren, «ea zorterik dugun aurten».

Añorgakoekin batera, Getarian ere ari da lehian Nagore eta finalerdietan da jada, 22an dute partida.

Semeari bezala, kontuak ateratzen hasita, irabaztea tokatzen zaio oraingoan. Izan ere, Master Cup txapelketako finalerdian (binaka) 18-17 galdu zuen. Aurten aurreneko aldiz San Fermin txapelketa ere jokatu du. «Sei bikote bakarrik hautatu gaituzte eta antolatzaileak egin ditu taldeak. Bi azpeitiar geunden finalean eta biok ezin izan dugu aurrera jarraitu», azaldu du pilotariak. Ea ba oraingoan posible den.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos