Azpeitia
Axut! eta Artedramaren saio bikoitzarekin hasiko dira 43. Euskal Antzerki Topaketak'Nor naizen baneki' lana ikusi ahal izango dute ostiral goizean herriko ikasleek eta larunbatean Soreasun izango da. Igandean berriz, 'Renata' ren txanda da, 19:00etan
Udazkenarekin batera, eta hostoak erortzen hasi diren bezala, hasi da sormen jarioa Azpeitian. Azken hilabeteetan landu dituzten lanak aurkeztera doaz 43. Euskal Antzerki Topaketetan protagonista izango diren konpainiak. Ostiral honetan hasiko dira topaketak, eta azaroaren 23a bitartean etengabea izango da isuria.
Axut! eta Artedrama konpainiek elkarlanean sortutako 'Nor naizen baneki' lanaren emanaldi bikoitzarekin abiatuko dira 43. Euskal Antzerki Topaketak. Gaur goizean, ikasleek izango dute Ximun Fuchsek zuzendutako lanaz gozatzeko aukera. Ondoren, antzezleekin eta sortzaileekin solasaldia izango da, sormen prozesuaz hitz egiteko eta gaian sakontzeko.
Zapatuan, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian baita ere, publiko osoarentzat eskainiko da lana.
'Nor naizen baneki' Kulturaz Kultur Kooperatibaren sormen-egonaldietan gauzatutako antzezlana da — etxean egositakoa, beraz. Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Díaz, Aline Etxeberri, Manez Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga dira aktoreak. Honela dio sinopsiak: «Nor naizen baneki... Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispiluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara? Ez ote da antzerkia barne-indusketarako tresnarik onena?»
Soreasu antzokian aurkitu ahal izango dira galdera horien guztien erantzunak.
Behin abiatuta eta martxa hartuta, igandean berriro izango da emanaldia Soreasu antzokian. Kamikaz kolektiboaren txanda izango da, 19:00etan. 'Renata' lana antzeztuko dute herrian sobera ezagunak diren aktoreek: Iraia Elias, Erika Olaizola, Xanti Agirrezabala eta Amancay Gaztañaga.
Hamahiru antzezlan
Euskal Antzerki Topaketek egitarau oparoa dute, eta guztira 13 lan taularatuko dira. Hauez gain, Eskola Antzerkia ere izango da, eta beste dozena bat obra ikusteko aukera izango dute inguruko ikastetxeetako ikasleek.
Topaketetako sariarekin amaituko da aurtengo edizioa, azaroaren 23an. Aurretik, antzerkiaz gozatzeko parada izango da Azpeitian.
Sarrerak
Sarrerak jada salgai daude antzerkitopaketak.eus webgunean, eta Sanagustin kulturgunean ere eskura daitezke. Soreasuko emanaldietarako sarrerak 10 eta 5 eurotan salduko dituzte; Dinamokoak eta Sanagustinekoak, berriz, 8 eurotan. Kultur Bonuarekin, doan izango dira.