Borrar
Martxoko guraso eskolen hitzaldien antolatzaileak. UDALA
Arrazakeria eta aniztasun kulturala landuko dituzte martxoko guraso eskoletan

Azpeitia

Arrazakeria eta aniztasun kulturala landuko dituzte martxoko guraso eskoletan

Hiru hitzaldi antolatu dira gaiei «hainbat ertzetatik heltzeko» eta Basazabal jauregian izango dira martxoaren 12an, 18an eta 21an, 18:00etan

Eli Aizpuru

Azpeitia

Sábado, 8 de marzo 2025, 21:33

Azpeitiko Udalak martxoan zehar eskainiko dituen guraso eskolen berri eman du. Arrazakeria eta aniztasun kulturala landuko dituzte. Izan ere, udaletik adierazi dutenez, «gero eta gehiago dira jatorri atzerritarreko familiak Azpeitian, eta horrek egoera, galdera eta erronka berriak eragiten ditu». Hortik abiatuta gai horri eskainiko zaizkio martxoko guraso eskolak.

Hiru hitzaldi izango dira guztira eta Basazabal jauregian eskainiko dira, 18:00etan hasita. Guraso eskolen barruan antolatu arren, herritar guztientzat daude bideratuta.

Euskaratik gaztelaniara itzulpen zerbitzua egongo da, eta zerbitzu hori behar duenak aurrez eskatu behar du, 943 25 50 06 telefono zenbakira deituta edo ekorta@azpeitia.eus helbidera idatzita. Itzulpen zerbitzurik behar ez dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik.

Hitzaldiak

Honakoak dira guraso eskoletan eskainiko diren hitzaldiak eta bertako egitaraua. Lehena martxoaren 12an, asteazkenean, izango da. 'Kulturartekotasunaren eta euskararen erronkak gure herrian' gaia landuko dute estreinako hitzordu honetan. Mondragon Unibertsitateko Amelia Barquin eta Karmele Perezek eta Uemako Eneritz Albizuk eskainiko dute hitzaldia.

Iazko ikasturtetik, 'Kulturartekotasuna eta Euskara Azpeitian' izeneko egitasmoa martxan dago herrian. Euskararen erabilerari eustea da haren helburua, beti ere atzerritar jatorriko familiekin komunikazioa bermatuz eta herrian dauden kulturen arteko harremanak eraikiz eta haien parte hartzea sustatuz. Hitzaldian ere erronka horiei buruzko gakoak emango dituzte.

Bigarren hitzaldia martxoaren 18an, asteartez, izango da. 'Aniztasun kulturala eta arrazakeria' izango dituzte hizpide bigarren saio honetan.

Sos Arrazakeria elkarteko Itziar Gorostidi eta Abdoulaye Sarrek eskainiko dute, eta elebitan izango da. Besteak beste, arrazakeriaren jatorriaz, narratiba berrien eraikuntzaz eta gizartean dauden rolei buruz ariko dira.

Azkenik, hirugarren eta azken saioa martxoaren 27an, osteguna, aurreikusten da. 'Migrazio-prozesuak: zurrumurruak eta jarrerak' landuko dituzte.

Begirune fundazioko Xabier Aierdik eskainiko du, eta egungo migrazio-prozesuei eta etorkizunerako aurreikusten direnei buruz ariko da, besteak beste.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Arrazakeria eta aniztasun kulturala landuko dituzte martxoko guraso eskoletan