Borrar
'Maitatu zure egunak' poesia liburua argitaratu berri du Pako Aristik. XABIER LARRAÑAGA
Pako Aristi: «Argazkien bidez identitatea berreskuratu nahi du jendeak»

Pako Aristi: «Argazkien bidez identitatea berreskuratu nahi du jendeak»

Seigarren poesia liburua argitaratu eta nahiko pozik geratu da emaitzarekin Pako Aristi urrestildarra

XABIER LARRAÑAGA

AZPEITIA.

Miércoles, 22 de agosto 2018, 00:22

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Pako Aristik bere seigarren poesia liburua idatzi eta argitaratu berri du; ekainean hain zuzen ere, Erein argitaletxearekin, 'Maitatu zure egunak' da lana. Bertan, gaurkotasunaz hausnartzen du idazleak, non, batik bat, bost gaiei buruz aritzen da. Gizarteari kritika ere plazaratu nahi du Aristik liburu honetan, izan ere, identitate galtze bat ikusten du; gaur egun, «errealitatea gordinik gozatzen» ez dugunaren pertzepzioa dauka.

Lehen hilabeteak igaro dira Aristiren azken lanak argia ikusi zuenetik. Ordutik, eta denbora gutxi igaro den arren, erantzun ona jaso du Urrestillako idazleak. «Poesiarekin gertatzen dena zera da: ez da asko irakurtzen den generoa, eta euskaraz are gutxiago. Halere, poesiak irakurle oso fina du», onartzen du Aristik. Horregatik, hasieran izan dituen erreakzioak oso positiboak direla onartzen du.

Pertsonalki, «nahiko pozik» geratu da. Izan ere, berarentzat «zaila izaten da erabat pozik geratzea, beti autoexigentzia maila izaten dugu idazleok». Berak landutako genero honetan, gainera, badu zailtasun bat nobela batek ez duena, «nobela batean planifikazio bat egiten duzu, informatzen zara, kapitulutan antolatzen duzu... kateko produkzio lan baten antza du nobelak; poesia ez da horrela, ezin duzu esan bihar idatziko dut poema bat gai honi buruz, eta etzi hari buruz. Poesia joan-etorrian ibiltzen da zure aldartearen arabera, eta zure patxadaren arabera dator. Horregatik, poesia etortzen denean idazten duzu, eta gero zorrozten duzu», aitortzen du Aristik.

Aristik, prozesuan, sei edo zazpi aldiz idazten du poema bat, izan ere «niri luzeak ateratzen zaizkit, eta gero mozteko lana hartzen dut». Berarentzat zaila da perfekzioa aurki-tzea, nahiz eta beste artisten lanekin ez zaion hori gertatzen. «Besteen poemak irakurtzen dituzu Sarrirenak, Atxagarenak edo Machadorenak, esaterako, eta poema hori perfekto dagoela iruditzen zaizu. Sentipen hori sortu nahi duzu zure poemekin, ez zaio ezer falta, ezta sobratu ere... horregatik, prozesu horren ondoren, zaila da zu gustura geratzea», onartzen du Aristik.

Halere, liburu hau seigarren poesia liburua da, eta perfekzioaren sentipenera «dexente hurbildu» izanaren sentsazioarekin geratu da urrustildarra. «Urteetan aurrera zoaz, lehen liburua idatzi nuenetik hogeita hamar bat urte igaro dira. Urteen poderioz heldutasun bat lortu nahi izaten duzu; gaztetan jostariagoa izaten zara eta orain literatura serioagoa egiten dut. Bizitza honetan mezu batzuk eman nahi dituzu izandako esperientziarekin eta nik pasa ditudan gorabeherekin. Erantzun ba-tzuk bilatzen joan naiz, baita galderak ere», onartzen du Aristik.

Bost gaiak

Maitatu zure egunak liburuaren aurkezpenean, Aristik bost gai jorratu dituela onartu zuen. Bertan, gaurkotasunezko bost gairen inguruko gogoetak argitaratuz. Lehenengoa, egunero mundura esnatzeak eragin dion harridura. «Bizitzaren aurrean dugun miresmena da. Urteak betetzen ari garenok badirudi dena ikusi dugula, dena esperimentatu dugula. San Ferminetan eta Saninaziyotan izan gara ez dakit zenbat aldiz, badirudi orain dena errepika-tzen dugula, aspermenaren sentsazioa dirudi, bizitzaren aurreko miresmena itzaltzen doala dirudi. Atal honetan horren aldarrikapena egiten dut, oraindik ere munduan eta bizitzan zenbat sorpresa ditugun eta egunero esnatzea bera mirari bat bezala sentitzen dut nik. Bizitzaren berraurkikuntza aldarrikatzen dut, eta hori erne egoten lor-tzen da, ez lokartuta», hausnartzen du Aristik.

Beste gaietako bat gizartearen eta norbanakoaren arteko tentsioa da. Gizartearen eragina, eta norbanakoaren askatasunaren arteko talka betidanik egon da Aristiren testuetan. «Institutu garaian, irakasle onak izan nituen, eta niregan iritzi kritikoa piztu zuten, gauzak kuestionatzeko moduak. Gizartetik gauza asko esaten zaizkigu eta normalean modu kritikoan irensten ditugu. Nik mezu horiei orma bat ipintzen diet, eta mezuak aztertzen ditut. Nire kalterako mezuak baztertu egiten ditut, laguntzen badidate, aldiz, onartuko ditut. Adi egon behar dugu gizartean funtzionatzen duten mezuen aurrean».

Aztertzen duen beste gaietako bat, zahartzaroa nola bizi da. «Zahartzaroa gaztetan pentsatzen ez duzun zerbait da. Ni jada zahartzaroko bidean nago, ez adinagatik, baizik eta sentipenengatik. Zure energia jada ez da mugagabea; gaztetan sekulako astakeriak egiten dituzu: bi egunetako parrandak, lo egin gabe lanera joan... energia mugagabea dela uste duzu. 40 urteren bueltan, aldiz, pentsatzen hasten zara, ajeak datoz, hango eta hemengo minak, hortzetako inplanteak... lagungarrien bila zoaz zure gorpu-tza zutik mantentzeko. Zaharrak beti besteak direla iruditzen zaigu, norberak ez bai du bere burua daukan adinarekin ikusten. Agian burua gorputza baino gutxiago zahartzen baita, batzuek 20 urterekin jada zaharrak izaten diren arren. Edo urteetan ikusi gabeko laguna zaharturik ikusten duzunean, pentsa dezakezu berak ere hala ikusiko zaituela. Orduan, batetik dago zahar-tzaroaren bizipen subjektiboa eta, bestetik, alderdi soziala, hipokresiaz inguratua. Lan merkatuak, adibidez, ez du nahi zaharrik; 50ekin langabezira doanak ez du lanik gehiago aurkituko. Kapitalismoa sartu da bete-betean, esanez hobe dela gazteak merkeago kontratatzea, erdeinatuz horrela zaharren esperientzia, apurtuz haien duintasun guztia. Kultura zaharretan, aldiz, jakinduria zen zaharren aberastasuna; orain bilobak zaintzen dituzten esplotatu emozionalak bihurtu ditugu. Gero, medikuntzak zer egiten duen zaharrekin, pilulen bidez ia landareak bezala dauzkate bizirik irauten, merezi al du horrela bizitzeak? Egunean 23 ordu ohean, sabaiari edo telebistari begira? Zertarako? Hausnarketa gai zabala iruditzen zait, eta poemetan erantzun batzuk iradokitzen saiatu naiz; inpresioak, irakurleari pentsarazteko. Nik literatura pentsarazteko tresna baten gisa ikusten dut, irakurketarekin gozatzen duzun bitartean».

Aristi arduratzen duen gai bat da egiaren eta ipuinen arteko aldea. «Egia da errealitatea. Gauza bat da errealitatea, gertaera, eta beste bat horri buruz egiten ditugun kontaketak. Hor gure burua engainatzen pasatzen dugu bizitza osoa. Beldurra diogu errealitateari, maila guztietan: osasuna, amodioa, errealitate politikoa... Askotan, kazetariok ematen diogu forma ipuin horri, guk sortzen dugun ipuinak jendearengan eragina dauka. Niri eginda dauden ipuinak desmantelatzea gustatzen zait, eta hori egiten dut liburuan. Ipuinak eta jostailuak berdinak dira, jostailua ireki eta aztertzen duzunean errealitatea zein den ohartzen zara». Errealitateari buruzko interesa ekialdeko filosofietatik datorkio idazleari. Japoniako esaera bat irakurri zuen behin «gustatzen bazaizu, errealitatea den bezalako da, eta gustatzen ez bazaizu, errealitatea den bezalakoa da». Hau da, errealitatean egoteko beharrezkoa da zoriontsu izatea. Hortik dator orain eta hemen bizitzeko 'mindfulness' teknika.

Azkenik, egoak azken urteotan izan duen «inflazioa» aztertzen du Pako Aristik. Poemako atal bateko izenburua, 'Argazkirik ez, mesedez' izena du; printzipio deklarazio bat da. Aspaldian hedatu den 'selfien' modarengatik datorrena. «Lehen argazkia ateratzen zen gustuko zenuen lekuari, paisaia bati, elizari, gaztelu bati... orain, zu jartzen zara objektuaren edo paisaiaren aurrean, eta zu zara protagonista. Gainon-tzekoa, aldiz, bigarren plano batean geratzen da. Zu pozik agertzen zara lehen planoan, eta bestea betegarria da», azaltzen du Aristik. Bitxia egiten zaio argazkien eraldaketa hori. «Zein da argazkiak ateratzeko obsesio honen arrazoia? Nire ustez identitate galtze bat, globalizazioak eta gure harreman gero eta birtualagoek gure baitan ezarri duten egonezin bat. Argazkien bidez identitatea berreskuratu nahi du jendeak. Ni nor naiz? Argazkietan dagoena, bizirik nago. Baina identitate azaleko bat lortzen da horrela, kanpora begira, ez barrutik sortzen den nortasun erakargarri bat. Argazkiak erakusten du besteen aprobazio beharra daukazula, ez duzula aski unea disfrutatu; eta hori morron-tza berri bat da gizakiarentzat. Gure eta errealitatearen artean gailu gehiago jarri ditugu. Ez dugu errealitatea gordinean bizitzen. Kalean, musikarekin, mugikorrarekin ... isolatuta goaz, eta liburuan esaldi polit bat dago, 'moztu kamerarekin lotzen zaituen zilborrestea, izan independentea!'», hausnartzen du idazleak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios