Azpeitia
Aretoetatik kalera salto egingo dute Antzerki Topaketek asteburuan'Ai, gure juaneteak' ikusi ahal izango da gaur, Sanagustinen; 'Eraitsi S.L' kale antzerkia dago larunbatean eta Tanttaka teatroaren txanda izango da Soreasun, igandean
Euskal Antzerki Topaketak bigarren asteburuan dira jada eta oraingoan ere proposamen erakargarriak izango dira Azpeitian. Oholtzetatik aparte, gainera, antzerkia kalera aterako da. Hitzez eta musikaz osatutako proposamen hibridoak, publiko zabalari irekitako kale emanaldia eta ikuspegi garaikideko antzezlan dramatiko batek osatuko dute asteburuko eskaintza.
Gaur, ostirala, 21:30ean, Patxo Telleriaren 'Ai, gure juaneteak' eskainiko da Sanagustin Kulturgunean. Tartean Teatroaren proposamen hibridoak hitza eta musika uztartzen ditu, Laboaren hainbat kanturen berrinterpretazio pertsonal eta garaikidea ardatz hartuta. Telleria bera arituko da taula gainean, bi lagun musikari alboan dituela: Adrian Garcia de Los Ojos eta Maider Lopez.
Larunbatean, plazara egingo dute jauzi topaketek. 18:30ean, Plazan izango da asteburuko kale ikuskizuna 'Eraitsi S.L' izenburupean (Goitibera).
Eskola Antzerkiaren tartea izango da hilaren 10etik 14ra bitartean. Goizeko 11:00etan hasiko da lehen saioa, Soreasu antzokian
Doako emanaldi honek espazio publikoa eta jolasaren inguruan hausnarketa proposatzen du umorearen eta performantzaren laguntzarekin. Sinopsiaren arabera, Eraitsi S.L. enpresa 'Basque Culture Exhibition Forum' megaproiektua egiteko plaza eraistera dator...
Espazio publikoa eta jolasaren inguruan hausnartzen duen adin guztientzako kaleko ikuskizuna da 'Eraitsi S.L'.
Asteburua borobiltzeko, igandean, azaroaren 9an, 19:00etan, Tanttaka Teatroaren 'Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?' taularatuko da Soreasu antzokian.
Mireia Gabilondoren testua eta zuzendaritza dituen lanak 'lau' pertsonaiaren istorioak nahasten ditu umorea eta drama uztartuta. Depresioa, mendekotasuna, terapia eta adimen artifiziala dira gakoetako batzuk, baina kontakizunak harreman pertsonalen indarra jartzen du erdigunean.
Lucía, Yoldi, José Manuel eta Martina dira protagonistak; euren zauri eta sekretuetan galduta dabiltzan pertsonak, eta elkar ezagutzeak bizitza nola irauli diezaiokeen deskubrituko dute.
Sarrerak -Kale antzerkirako ez da sarrerarik behar- www.an-tzerkitopaketak.eus edo www.kulturaz.eus atarien bitartez eros daitezke.
Eskola antzerkia
Astelehenetik, azaroaren 10etik, 14ra bitartean, Eskola Antzerkiaren tartea izango da. Goizeko 11:00etan hasiko da asteleheneko lehen saioa, Soreasu antzokian. Azpeitiko antzerki taldeak 'Tatanic' eta 'Ikusten ez baduzu, ikusiko duzu' lanak taularatuko ditu. Inguruko Lehen Hezkuntzako ikasleak izango dira publikoan.