'Ardoaren eta arrainaren' ibilbidea egingo dute aurten Lagun Onakeko mendizaleek

'Azpeitia-Bilbo' azken egitasmoan bezala, partaidetza handia espero da oraingoan ere./LAGUN ONAK M.B.
'Azpeitia-Bilbo' azken egitasmoan bezala, partaidetza handia espero da oraingoan ere. / LAGUN ONAK M.B.

166 kilometroko ibilbidea da eta zortzi etapetan egitea aurreikusten dute, urtarrilaren 26an hasi eta urriaren 19a arte

ELI AIZPURUAZPEITIA.

Lagun Onak Mendi Bazkunak 2019rako dituen asmoen berri eman du eta baita egutegia osatu ere. Urtean zehar, ohi bezala, hainbat irteera egingo dituzte baina bat nabarmentzekoa da. Izan ere, iazko Azpeitia-Bilbo eta 2017ko Azpeitia-Hazparne egitasmoen ildo beretik, beste ibilbide bat aurkeztu dute aurtengoan. Honela, Bermeo (Bizkaia) eta Oion (Araba) lotzen dituen GR-38a, Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea, osatuko dute Lagun Onakeko kideek. Rufino Arroiaberen ibilbidea izenarekin ere ezagutzen da. Izan ere, XIX. mende amaieran Arroiabek Arabar Errioxako ardoa Bermeora eramaten zuen, eta trukean arrain freskoarekin i-tzultzen zen barnealdera. Eginbide horretan, arrainaren kontserbaziorako teknikak ikasi zituen, eta Arroyabe kontserba-lantegia sortu zuen ondoren, Bermeon bertan. Mendeetan zehar merkataritzarako erabiltzen zen ibilbideak 166 kilometro ditu eta zortzi etapetan egitea aurreikusten dute. Urtarrilaren 26an hasiko dira, eta hilean etapa bat burutuko dute, ekainera arte. Ondoren irailean eta urrian jarraituko dute ibilbidearekin. Etapa guztiak burutzen dituztenentzat oparia ere izango da. Etapa bakoitzeko informazioa www.lagunonakmb.org webaren bitartez jarraitu ahal izango dute interesatuek.