Antzerki sormen laborategia antolatu du Dinamoak eta izena eman daiteke jada

Urriaren 9an hasiko da eta bederatzi hilabeteko iraupena izango du, ekainaren 24a arte

E.A.AZPEITIA.

Antzerkian lehen urratsak eman nahi dituen orok edo irudi eszenikoen lanketan trabatu nahi dutenek, zerbait kontatzeko dutelako edo sormenean murgiltzen ausartzen direlako, izango dute horretarako aukera Dinamoa Sormen Guneak eskainiko duen estreinako antzerki sormen laborategian, beti ere, 16 urtetik gora izanez gero behintzat.

Antzerki sormen laborategia urriaren 9an hasiko da eta ekainaren 24an amaitu, beraz, bederatzi hilabetean William Layton eta Mijail Chejoven interpretazio tekniketan lehenengo urratsak emango dituzte; irudi eszenikoak sortzen, desegiten, irakurtzen eta erabiltzen ikasten hasi, gorputza askatzen. Norberaren lotsak kudeatzen ikastea, interpretazioaren bidez kontatzeko tresna propioak garatzea eta kontakizun propio nahiz kolektiboak gauzatzea da helburua.

Asteazkenero izango dira eskolak, 20:00etatik 21:30era. Laborategia Zestoako Interpretazio Eskolako irakasleak zuzenduko du, Amancay Gaztañagak eta 12 bat laguneko taldea izango da.

Edukiei dagokionez, bederatzi hilabetean zehar, inprobisazio teknika ezberdinak jorratuko dira. «Pertsonaia bat sortzeko behar diren teknikak ikasiko ditugu. Irudimena aktibatu eta kontakizun propioak sortzen ikasiko dugu. Testu ezberdinak erabiliz eszena ezberdinak antzeztuko ditugu», diote arduradunek.

Sormen laborategi honetan parte hartu nahi dutenentzat zabalik dago jada izena emateko epea eta urriaren 4a arte izango da horretarako aukera. Interesatuek dinamoa.eus atariaren bitartez egin dezakete inskripzioa. Ikastaroaren prezioa 198 eurokoa da (hileko 22 euro).

Zalantzak argitzeko edo harremanetarako, idatzi dinamoa@dinamoa.eus helbidera.edo deitu 674 165 682 telefonora.