Agintariei harrera saninazio bigarrenean

Itsasi dantza taldeko bi dantzarik aurreskua dantzatu zieten ordezkari politikoei, udaletxe aurrean./ARGAZKIAK ELI AIZPURU
Itsasi dantza taldeko bi dantzarik aurreskua dantzatu zieten ordezkari politikoei, udaletxe aurrean. / ARGAZKIAK ELI AIZPURU

Eusko Jaurlaritzako edo Aldundiko ordezkariak agurtu ostean, gisatu txapelketak, zezenek eta kontzertuek hartu zuten Azpeitia

ELI AIZPURUAZPEITIA.

San Inazio jaietako hirugarren eguna ospatu zen atzokoan Azpeitian. Gipuzkoako eguneko ekitaldiek hartu zuten goiza. Goizeko hamarretarako prest zeuden udal ordezkariak Eusko Jaurlaritzako eta Aldundiko kideei agurra egiteko. Markel Olano diputatu nagusia izan zen iristen azkena. Aurretik, Aran-tza Tapia Ekonomia Garapena eta Azpiegituretako Sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria edota Maria Jesus Sanjose Lan eta Justizia sailburua hartu zituen udaletxe aurrean egindako harreran Nagore Alkorta alkateak. Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendoza edo Jabier Larrañaga Ogasuneko diputatua ere bertan ziren, besteak beste, gainerako udal ordezkariekin batera.

Ohiko harreraren ostean, Itsasi dantza taldeko bi dantzarik aurreskua dantzatu zieten agintariei, Loiolara abiatu aurretik. Bidean, herritar ugari bildu ziren Nagore Alkorta alkatearen eta udal gobernu berriaren estreinako pasiara ikustera eta Eusko Jaurlaritzako nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak agurtzera.

Behin Loiolan, Naike Diez Etxerat elkarteko kidea eta Nagore Luzuriaga 47ak herrian! plataformako kideak gutuna eman zieten Olanori eta Tejeriari. Pixka bat atzerago, Arrupe Hotelaren harmailetan zeuden Etxerateko kideak, urteroko legez, beren aldarrikapena eginez.

Murillo aita-semeak nagusitu dira aurtengo II. Gixau Txapelketan hamar bikoteren artean

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina bigarrenez zen atzo Azpeitian, oraingoan Loiolan ospatu zen Meza Nagusia eskaintzeko. Era berean, Nagore Alkorta alkatea, behin ibilbidea amaituta, kontzentrazioko kideengana hurbildu zen udal gobernuko beste hainbat kiderekin batera.

II. Gixau Txapelketa

Ordezkari politikoak Loiolan ziren bitartean, herrian, Marea Arroxako kideak II. Gixau Lehiaketarako prestaketetan mugilduta zeuden.

Hamabietan eman zitzaion hasiera lehiaketari. Hamar bikotek hartu zuten parte eta mota desberdineko gisatuak prestatu zituzten. Epaimahaiko kideen arabera «denetariko gisatuak zeuden, basurdearekin, tofuarekin edo ohiko erara egindakoak».

Murillo aita-semeak izan ziren irabazleak, Felipe biak a la biak. Beraientzat izan zen Sakona Etxalde Ekologikoako produktuekin osatutako otarra ederra. Bigarren postua iazko irabazle Eñaut Agirregabiriarentzat eta Mikel Salduarentzat izan zen. Hauek Premietxeberriko gazta eta Añotako sagardoak eskuratu zituzten.

Lehiakideak gixatua prestatu bitartean, Marea Arroxako antolatzaileek hamaiketakoa eta txotxeko sagardoa ipini zuten herritarren eskura. Sariak banatu ondoren, berriz, gixatu jana egin zuten Azoka Plazan.

Gaur amaituko dira jaiak; arratsaldean zezenketa eta txaranga izango dira

Aldiz, gisatu usainetik urrun, Donejakuen hainbat gaztetxok, beste behin, zezen txikiekin jolasteko aukera izan zuten. Arratsaldean, zezenketa, emakumezkoen pilota partidak eta hainbat kontzertuz gozatzeko aukera izan zen.

Gaur amaituko dira jaiak. 09:00etan, suziri eta danbatekoen emango diete bukaera festei. Hala ere, zezenketa -Salvador Gabira Garcíaren zezenekin Curro Díaz, Ginés Marín eta Ángel Téllez ariko dira- edo txaranga izango dira protagonistak arratsaldean.