Abian da Arkupe Hotsak egitasmoaren II. edizioa

Egitasmoan parte hartzen duten eragile desberdinak eta musika taldeak, aurkezpen ekitaldian./
Egitasmoan parte hartzen duten eragile desberdinak eta musika taldeak, aurkezpen ekitaldian.

Sortzaile berriak plazaratu eta ahotsa ematea du helburu Kulturaz kooperatibak gidatutako proiektuak | Honela, 10 talde berriren proposamenak entzun ahal izango dira Sanagustingo arkupeko oholtzan, maiatzera bitartean

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Arkupe Hotsak, sor- tzaile berriak plazaratu eta ahotsa ematea helburu duen egitasmoaren bigarren edizioa abian da. Kulturaz kooperatibako kideek, herriko sortzaileek, Azpeitiko Kultur Mahaiko kideek, Udaleko kideek, Izei eta Deus ez taldeetako kideek eta Bankoako ordezkariek parte hartu dute aurkezpen ekitaldian, Sanagustinen bertan.

2011tik, sortzaile berriei «babesa eskaintzea» da Kulturaz kooperatibaren xedeetako bat. Bide horretan, abian jarri zuten Arkupe Hotsak egitasmoa, 2017an. Honela, Sanagustin kulturguneko arkupean atondutako oholtzan, euskal musikaren alorrean sortzaile berriei eta musika ekimen berriei bide eman ohi zaie.

«Aukeratutako taldeei kontzertua emateko abagunea, ekipamendu osoa, afaria eta promozioa eskaintzen dizkiegu. Gainera, zuzenekoak eskainiko dituzten talde horien artean aukeratutako bati disko bat grabatu eta 500 kopia argitaratuko dizkiogu edota bideoklipa grabatuko diogu. Eta, beste talde batek, eszenatoki handian talde ezagun batekin jotzeko aukera izango du», azaldu dute Kulturazeko kideek.

2018ko irailean jarri zen martxan den bigarren edizioan parte hartu ahal izateko izenematea, eta behin epe hori amaituta, denboraldi honetan 10 talde berriren proposamenak entzun ahal izango dira. Soma Cul, Dunne, Izei eta Deus Ez taldeak izan dute jada horretarako aukera eta datorren maia- tzera bitartean beste sei talde pasako dira Sanagustin kulturguneko arkupeko oholtzatik. Nomadak eta Dekot taldeak, esaterako, otsailaren 8an izango dira bertan.

Bultzatzaieen esanetan, lehen edizioak «uzta ona» utzi zuen. «Musika proposamen interesgarriak plazaratzeaz gain Hazparneko Falta taldearen diska plazaratzea ahalbideratu zuen». Hala ere, jardun hauek lanketa eta denbora behar izaten dute, eta «badago zer hobetua», diote, «proiektua bere bidea marraztuz joango da».

Helburu nagusiak

Musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza duin bat eskaintzea; Herriko, eskualdeko eta oro har Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea; Euskarazko sorkuntzarako baliabideak jarri eta euskal musikari hedapena ematea; Musika sortzaile berrien erreferentzia puntu bat izatea eta inguruan ditugun sortzaileak balioan jarri eta euren jardunerako tresnak eskaintzea dira Arkupe Hotsak egitasmoaren helburu nagusiak.

 

Fotos

Vídeos