1960 eta 2017 urteen artean urratutako giza eskubideen gaineko liburua osatu du Aranzadik

Udalarekin elkarlanean egindako lana da eta asteazkenean aurkeztuko dute, Udaletxean, 19:00etan

ELI AIZPURU AZPEITIA.

'Azpeitia 1960-2017. Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk, Azpeitia eta azpeitiarrei gertatuak' liburuak argia ikusi berri du. Labetik atera berria da , Azpeitiko Udalaren eta Aranzadi zientzia elkartearen elkarlanaren ondorioz. Asteazkenean, uztailaren 4an, aurkeztuko da. 19:00etan izango da ekitaldia, udaletxeko bosgarren solairuko aretoan, eta Paco Etxeberria EHUko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasleak, Jon Mirena Landa EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen katedradunak eta Eñaut Elorrieta abeslariak parte hartuko dute aurkezpenean, besteak beste, udaleko ordezkariez eta liburuaren egile Javi Buces ikerlariaz gainera.

Lau urteko lanaren emaitza

Javi Buces Aranzadiko kide eta liburuaren egileak lau urte behar izan ditu orain azaleratuko den lana osatzeko eta «lan nekeza eta zaila» izan dela adierazi du, baina emaitzarekin «gustura» dagoela. Hark azaldu duenez, 2013an-2014an hasi zen proiektua lantzen. «Dokumentazio lana eta biktimen zerrendak» biltzeko. Paraleloki, harremanak finkatu dituzte eragile politiko eta sozialekin, «elkarrekin lan egiteko».

Datu base bat osatu zen estreinakoz «urraketak pairatu zituztenen froga dokumentalekin»eta Udalari eman zitzaion hori 2016an, «diskrezio eta sentsibilate osoarekin» jokatuz. 2016az geroztik, lan egiten jarraitu da eta liburua osatu, beti ere, «metodologia zientifikoarekin, inolako kontakizun dialektikoan sartu gabe baina gertutakoaren datu zehatzak» emanez.

177 herritarrek jasandako 250 giza eskubide urraketa biltzen dira liburuan. «Izen abizenez aipatzen diren herritar horiei guztiei gonbidapen pertsonala bidaltzen saiatu gara, baina ez da erraza, datu gutxi ditugulako. Batzuk hilda daude, beste batzuk ez dira Azpeitian bizi.... ez da erraza, eta horregatik, liburuan agertzen den norbaitek ez badu jasotzen barkamena eskatzen diogu, eta gonbidatuta dagoela esan» azaldu du Eneko Etxeberria alkateak.

Juantxo Agirre Aranzadiko kideak azaldu duenez, Azpeitian gertutakoaren »radiografia» bat da lana. »Argazki horrekin gure erakundeek jakingo dute urratsak ematen hemendik aurrera», esan zuen. Era berean, Azpeitiko udalak azaldutako «batasun politikoa» nabarmendu zuen eta «ezinbestekotzat» jo zuen horrelako lanak egiteko.

Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak, bere aldetik, egindako lana «eskertu» zuen.

Asteazkeneko ekitaldia irekia izango da, eta liburua eskuratu nahi dutenek ere bertan izango dute eskura, debalde.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos