Urola Erdiko trikitixari buruzko dokumentala

Dokumentalaren egile eta babesleak, Azkoitiko udaletxean eginiko aurkezpenean. /  SUDUPE
Dokumentalaren egile eta babesleak, Azkoitiko udaletxean eginiko aurkezpenean. / SUDUPE

2019ko udazkenean ikusiko da egiten ari diren lana | Trikitilariekin elkarrizketa sakon eta luzeak ari dira grabatzen

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Urola Erdiko trikitixaren fenomenoa jasotzen duen dokumentala lantzen ari dira eta 2019ko udazkenean ikusi ahalko da emaitza. Herenegun aurkeztu zuten ekimena Azkoitiko udaletxean sustatzaile eta babesleek. TrikiGiro elkartea eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba ari dira proiektua garatzen hainbat norbanakorekin batera, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalen eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen laguntzarekin.

«Zaindu behar dugun ondarerik baldin badugu Urola Erdian, hori trikitixarena da. Ukaezina da trikitiak herri honi izena eta izana eman dizkiola eta dokumentalak balioko du ondare hori balioan jartzeko eta gure ondorengoei hemen izan diren eta diren trikitilarien ekarpena ezagutarazteko eta transmititzeko», zioen Sonia Vazquez Kultura zinegotziak.

Dokumentalak helburu bikoitza du. Batetik ikuslegoaren esku jarriko den ikus-entzunezkoa garatzea eta bestetik, bailarako trikitixaren protagonisten lekukotza jasotzea, etorkizunari begira, artxiboa osatu eta dokumentazioa gordetzeko. Ordu askoko lana bilduko da eta trikiti munduari eutsi diotenei eginiko omenaldia ere bada.

Ekarpena balioan jarri

«Trikitixak euskal iruditeria kolektiboari egindako ekarpena balioan jartzea da helburu nagusia. Trikitiaren sehaska izenez ezagun da Urola Erdia, bai trikitizaletasun oparoagatik, bai historiako trikitilari handienetariko asko bailarakoak izateagatik. Dokumentalak eskualdeko trikitilarien bizipenak, adituen hausnarketak, diseinu grafikoz osatutako bideoak nahiz artxiboko irudiak bilduko ditu», zioten TrikiGiro elkarteko kideek.

Apirilean ekin zitzaion lanari eta orain arte elkarrizketatu dira Tomas Soraluze Epelde, Margari Aizpuru Otola zenaren alarguna, Iñaki Garmendia Laja, Ramon Zubizarreta Landakanda, Imanol Arregi Iturbide, Agustina Aranbarri Epelarre zenaren alarguna, Angeles Aramendi Zendoia zenaren alarguna, Manuel Arrizabalaga Izer eta Antonina Beristain Kandido Beristainen alaba.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos