Azkoitia
Süne, Hits Cover Band eta Merina Gris AndramarietanTapia eta Leturia trikitilariek osatuko dute jaietako musika eskaintza
Artista sorta zabala igaroko da Herriko plazako agertokitik Andramari jaietan. Udalak itxita du festetako kontzertuen egitaraua, eta punta-puntako taldeak iragarri ditu. Azkoitian izango dira, besteak beste, Süne eta Merina Gris. Halaber, Hits Cover Band taldeak 80ko eta 90eko hamarkadetako pop-rock estiloko abestirik arrakastatsuenen bertsioak eskainiko ditu. Trikitirik onenarekin etorriko dira Tapia eta Leturia edota Alberdi eta Erkizi trikitilariak ere.
«Publiko ezberdinentzat kontzertu erakargarriak ekartzen saiatzen gara, denek goza dezaten musikaz festetan eta gau giroan. Oholtzara igoko diren musikariek ikus-entzuleak konkistatuko dituztelakoan nago. Eskaintza polita da. Herriko plaza jendez betetzea eta ondo pasatzea nahi dugu», Igor Isusquiza Festetako zinegotziak.
Andramarietako lehenengo kontzertua Sünek eskainiko du abuztuaren 14an. Huntza taldeko abeslaria izandakoak, Süne izen artistikoarekin, bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen iazko urte amaieran: 'Amaineman'. Trikitixa eta elektronika uztartuta, eszenatokian duen indarra erakutsiko du beste behin.
Abuztuaren 15ean, Hits Cover Band taldearen txanda izango da. Esperientzia handiko musikariek osatzen dute taldea, eta XX. mendeko azken hamarkadetako kantuen bertsioak joko dituzte, estatuko eta nazioarteko pop-rock hoberenari tira eginda.
Merina Gris osatzen duen donostiar hirukoteak abuztuaren 16an joko du. 2020an 'Besteek Zer' lanarekin debutatu zuen. 'Pop bortitza' da egiten duten musika, euren hitzetan. «Melodia eranskorrak eta indar handiko soinu gordinak, elementu organikoen eta elektronikoen arteko orekan oinarrituta». Hirukote maskaratuak 'Zuloa' izeneko bigarren diskoa kaleratu berri du.
Andramarietako azken bi gauetan trikitixa izango da nagusi. Abuztuaren 17an Alberdi eta Erkizi ariko dira soinu eta panderoarekin, eta 18an, Tapia eta Leturiak itxiko dituzte aurtengo festak.
Uztailerako bi hitzordu
Andramari jaietako kontzertuak baino lehen, beste bi hitzordu handi eskainiko dira herrian. Uztailaren 12an, Euskal Herriko Gazte Orkestra Baztartxo antzokira iritsiko da, 18:00etan. Sarrerak salgai daude: www.entradium.com
Uztailaren 19an, berriz, Bulego taldeak kontzertua eskainiko du Herriko plazan, 23:00etatik aurrera. Bulegok bere lehen kontzertua 2020an eskaini zuen Azkoitian, 'Herria berpizten' lelopean, eta ordutik gora eta gora egin du haien ospeak. Euskaraldiaren abestia sortu ostean, Tomas Lizarazu, Xabier Arrieta, Ruben Lizarralde eta Elba Azpillagak osatutako taldeak Atlantikoa zeharkatu berri du AEBtan, San Frantziskon eta Boisen besteak beste, kontzertuak emateko, 'Aldatu aurreti' bira barruan. Aurki, Azkoitian bertan, ikus-entzuleek berriz ere haien doinuez gozatzeko aukera izango dute.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.