45 punturekin lidertzan jarraitzen du Anaitasunak etxean 3-1 irabazi eta gero

Eskurtza kapitaina Añorgako bi jokalariren artean. / MAIALEN ARZALLUZ
Eskurtza kapitaina Añorgako bi jokalariren artean. / MAIALEN ARZALLUZ

Lehen zatian, bi eta hutsekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea, baina bigarrenean taldeak ez zituen erakutsi bere gaitasunak

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA

Anaitasunak laugarren garaipena lortu du jarraian. 2018. urte amaieran Aretxabaletan lortu zuen garaipenaz geroztik, jokatutako neurketa guztiak irabazi dituzte Ohorezko Mailako mutilek eta beste pauso sendo bat eman dute etorkizunera begira.

Lehen zatian, maila ona emanda, bi eta hutsekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea, baina bigarrenean taldeak ez zituen erakutsi bere gaitasunak.

Añorgarrek partidan sartzeko abagune garbia izan zuten amaieran eta Anaitasunak garaipen garrantzitsua lortu zuen Txerloian Añorgaren aurka. Taldeak ez zuen mailarik onena erakutsi, baina lehen zatian lortutako abantaila aski izan zuen hiru puntuak batzeko.

Añorga defendatzeko asmoz etorri zen Txerloiara, atzean bost gizonek osatutako lerroa osatuta. Markel kapitainari eta Perezi goitik egin zien presioa, baina gorrixek ondo eta patxadaz sortu zuten jokoa, eta aurkarien lerroak aise gainditu zituzten Anaitasunakoek.

Orain, Lesakara

Gorrixen lehen gola 16. minutuan iritsi zen. Añorgako erdilarien bizkarrean baloia berreskuratzea lortu zuen Axik, eta Mikel Arzalluzen mugimendua bikain ikusita, atzelarien bizkarrera pase neurtua egin zuen. Arzalluz ez zen urduri jarri atezainaren aurrean, eta iskin eginda barrura bidali zuen baloia.

Handik bost minutura iritsi zen bi eta hutsekoa. Ander Arabaolazak jaso zuen Landaren pasea, eta atezainaren eskuin aldeko zutoinera jaurtita lortu zuen gola. Bigarren erdia ilunagoa izan zen. Xabi Soraluzek eta Axik izan zituzten bigarren zatiko lehen gol aukerak, baina azkenean Ander Arabaolazak lortu zuen 56. minutuan. Jokaldia dotorea izan zen hasieratik amaierara arte.

Hiru eta hutsekoarekin protagonismoa galdu zuen taldeak. Erritmo baxuagoa erakutsi zuen zelaian, eta Añorgak hartu zuen agintea, eta 65. minutuan egin zuten gola.

Datorren asteburuan, Lesakako Mastegi zelaira egingo dute bidaia mutilek. 45 punturekin lidertzan iritsiko dira gorrixek Lesakara.

 

Fotos

Vídeos