Parke estaliaren informazioa ezkutatzea egotzi dio EH Bilduk Udal Gobernuari

EH Bilduko ziengotziak parke estalia joango den tokian. /  SUDUPE
EH Bilduko ziengotziak parke estalia joango den tokian. / SUDUPE

Inolako azalpenik eman gabe tokiz aldatzen joan direla salatu du Bilduk | Proiektuaren esleipena abuztuaren amaieran egin izana «lotsagarria» dela diote

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Parke estaliaren inguruan adierazpenak egin dituzte EH Bilduko zinegotziek, Azkoitiak instalazio hori behar duela berretsiz eta herritarrek eskatzen duten proiektua dela azpimarratuz. Era berean, gogora ekarri dute 2011-2015 legealdian emandako prozesu parte hartzailean horrela onartu zela, 2015ean proiektuaren zirriborroa onartu zela eta tokia ere zehaztu zela. «Herritarrek toki egokiena Trenbide Zumardian zela erabaki zuten, liburutegi ondoan. Baina legealdi honetan, Azkoitiko PNVk eta Javier Zubizarreta alkateak herritarren erabaki hori aldatu dute. Informazioa ezkutatu digute eta azkenean, inposizioz, parke estalia beste toki batean egitea erabaki dute» egotzi diote jeltzaleei.

Javier Zubizarreta eta egungo Udal Gobernuak gai horrekin izan duten jarrera «salatu» nahi izan du Azkoitiko EH Bilduk ondorengoak esanez: «Azken hiru urteetan tokiz aldatzen joan dira, beste taldeei eta herritarrei inolako azalpenik eman gabe. Hasieran, Elkargunean, igogailuaren ondoan egingo zutela iragarri zuten. Toki txikia, desegokia eta gainera, bizilagunak kexu agertu zirenez, tokia aldatu zuten. Gero, Gaztaneneako parkean egitea erabaki zuten. Hemen ere auzokideak kexu agertu ziren. Azkenean, Gaztaneneako parke bertan baina tokiz aldatu dute».

Erabaki okerra

EH Bildurentzat erabaki hori okerra da. «Parke estalia umeak jolasteko gune bat da, gurasoak lasaitasunez egongo diren gunea eta Gaztaneneako toki horretan herriko errepide nagusia pasatzen da ondotik. Ez dugu uste segurtasun aldetik tokirik egokiena denik gure txikienentzat». Bestalde, Azkoitiko herri barruan dauden gune berdeak «gutxi badira, parke estalia toki horretan kokatzean, ia gune berderik gabe utziko digute erdigunea», diote.

Era berean, jeltzaleei leporatu diete «hiru urte luzez gaia ahaztuta izan ondoren, azken urtean toki batetik bestera aldatzen ibili dira eta azkenean, toki horretan egitea erabaki dute. Korrika eta presaka besteon iritzia kontutan hartu gabe», zera gaineratuz «toki horretan parke estalia oso txikia geldituko dela uste dugu. Alboan dagoena baino zerbait handiagoa bakarrik izango delako».

Erabaki «okerra» dela argudia-tzeko zera esanez dute: «Proiektu hori gauzatzeko esleipena, abuztuaren amaieran, Andramaixek pasatu eta egun gutxira egin izana lotsagarria da. Hau ez da Udal Gobernu baten jarrera serioa. Abuztuko batzordeen falta eta jendearen oporrak aprobetxatu dituzte isilean presaka egiteko. Presa horien ondorioa da ere enpresa bakarra aurkeztu izana prozesura». Azkenik, Azkoitiko EAJk herri galdeketa egiteari uko egin diola azpimarratzen dute. «Oposizioan zirenean EH Bilduri exijitzen ziotena orain beraiek ukatzen diote herriari. Gogoratu nahi dugu, herrian egon den herri galdeketa bakarra, EH Bilduren legealdian egin zela».

Zinegotziek gogorarazi dutenez, «Azkoitiko EH Bilduk 2018ko otsailean parke estaliaren inguruan hainbat aukera zeudela ikusita, herri galdeketa egitea proposatu zuen. Oraindik ez dugu arrazoi bakar bat ere jaso Udalaren aldetik zergatik ez duten nahi parke estalia liburutegi ondoan egitea». Horri buruz, Bilduk dio erantzuna argia dela: «PNVk parke estalia liburutegi ondoan egitea EH Bilduren proiektua egitea dela ulertzen du. Oker zabiltza Javier alkate jauna eta Udal Gobernua. Liburutegi ondoan egiteko proiektua ez da EH Bildurena, herritarren aurrekontu parte hartzaile bidez erabakitako tokia da».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos