Oiartzunek eman zion amaiera gorrixen bolada onari

Oiartzunek hasi eta berehala hartu zuen aurrea Txerloiako futbol zelaian. /   SUDUPE ARGAZKIAK
Oiartzunek hasi eta berehala hartu zuen aurrea Txerloiako futbol zelaian. / SUDUPE ARGAZKIAK

3-4 irabazi zion Anaitasunari nahiz eta lan ona egin zuen | Neskek, 3-0 galdu zuten Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Oiartzunek hasi eta berehala hartu zuen aurrea Txerloiako futbol zelaian eskuin hegaletik lotutako jokaldia ederki amaituta. Anaitasunak bere buruan konfiantza handia duela erakutsi zuen, eta golaren ondoren lan ona egin zuen. Bisitariek utzitako zuloak ondo aurkitu zituzten jokalariek, eta baloia galdutakoan, berriz, Oiartzunen zelaian berreskuratu zuen presio lan ezin hobe baten ondoren.

19. minutuan iritsi zen banakoa Mikel Arzalluzen golari esker; ondo jarraitu zuen taldeak jokoan eta 31. minutuan bi eta batekoa egin zuen. Handik hamar minutura, berriz, hirugarrena iritsi zen eta atsedenaldira markagailua iraulita eta neurketa ondo bideratuta iritsi ziren.

Oiartzunek presioa indartu zuen, kontzentrazio falta izan zuen taldeak, eta baloi errazak galdu zituen. Atzeko lerroan, arrisku handirik gabeko baloietan sendotasuna falta izan zitzaion Anaitasunari. 62. minutuan, Oiartzunek gola egin zuen penaltitik. Ondorengo minutuak eroak izan ziren eta 65. minutuan, joan-etorri batzuen ondoren, gola egitea lortu zuen Oiartzunek. Hirunakoarekin Anaitasunak lerroak aurreratu zituen; Oiartzun kontraerasora jokatzen hasi zen eta hiru eta laukoa egin zuen 92. minutuan.

Neskek 3-0 galdu zuten

Neskek, bere aldetik, 3-0 galdu zuten Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka. Lehen zatiaren amaieran eta bigarren zatiko azken ordu laurdenean jaso zituzten golak neskek Erandion.

Azken asteetako berdinketa katea hautsi zuten, baina ez nahi zuten moduan. Emaitzak erakusten duenaren aldean berdintasun handia izan zen Erandioko San Lorenzo zelaian, baina denboraldiko laugarren porrota jaso zuten. Lehen zatia amaitu aurreko azken jokaldian jaso zuten gola neskek.

Bigarren zatian oldarkorrago agertu zen taldea eta berreskuratutako baloietatik aurkariari min egiten asmatu zuen. Erasoko egoera horiei ez zien probetxurik atera, ordea, eta Erandiok azken minutuetako bi kontraerasotan bi gol egin zituen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos