Nesken denboraldia txalotzeko partida izango da biharkoa

Euskal Ligan jarraituko dutela ospatzeko partida da. /  SUDUPE
Euskal Ligan jarraituko dutela ospatzeko partida da. / SUDUPE

Bihar argazkia 'gorrixekin' ekimena itzuliko da Txerloira, oraingoan nesken eskutik

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO AZKOITIA.

Bihar 2018/19 denboraldiari dagokion etxeko azken partida jokatuko dute Anaitasunako Euskal Ligako neskek Txerloian. Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak Leioako Emakumeak, sailkapeneko hirugarren taldea, hartuko du Txerloian. Arratsaldeko 17:00etan jokatuko dute sasoi honetako etxeko azken neurketa.

28 urteren ondoren, Euskal Ligarako igoera lortu zuten neskek iaz, Eibar menderatu eta gero; azkenekoz 1990ean jokatu zuen Anaitasunako nesken taldeak Euskal Ligan.

Igoera lortuta txapelketari neurria hartzea asko kostatu zitzaien hasieran neskei. Bederatzi partida galdu zituzten lehen itzulian, baina bigarren itzuli ona egin dute. Denboraldiaren bigarren zatian jokatutako hamahiru neurketetatik zazpi irabazi dituzte. Berdinketa bat eta bost porrot dira gainerako emaitzak. Batutako puntu horiei esker, bigarren itzuliko zazpigarren talde onena da Anaitasuna, lehen sei sailkatuen ondoren. Sailkapenean 10. postuan dira orain.

16:40etarako Txerloain

Bihar, argazkia 'gorrixekin' ekimena itzuliko da Txerloira, oraingoan nesken eskutik.

Neskek egin duten denboraldia txalotzeko eta datorren urtean Euskal Ligan jarraituko dutela ospatzeko partida izatea nahi du klubak Leioako Emakumeak taldearen aurkakoa. Hori horrela, jokalariekin argazkia ateratzeko aukera izango da neurketa hasi baino minutu batzuk lehenago. Argazkia atera nahi dutenek 16:40ean Txerloiako sarrerara hurbildu beharko dute.

Gainera, argazkian parte hartzen duten 3 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek opariak (pinak, bufandak eta abar) jasoko dituzte. Anaitasunak parte hartzera gonbidatzen ditu Azkoitiko gazte guztiak.