Neskek ezin izan zuten garaipenik lortu etxeko azken neurketan

Argazkia gorrixekin ekimenean neska-mutilek opariak jaso zituzten. / SUDUPE
Argazkia gorrixekin ekimenean neska-mutilek opariak jaso zituzten. / SUDUPE

Gaur denboraldiko azken partidua jokatuko dute Zarautzen | Leioako Emakumeak taldearen aurkako norgehiagoka hasi aurretik jokalariekin argazkia ateratzeko aukera izan zen

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Anaitasunak ez zuen denboraldia etxean nahi bezala agurtzerik lortu. Bat eta hiru galdu zuten Leioako Emakumeak, sailkapeneko hirugarren sailkatuaren aurka. Huts eta hiru atzetik joan ostean Maider Badiola taldeko golegileak lortu zuen markagailua itxuratzeko gola.

Euskal Ligako neskek ez zuten etxeko azken neurketa irabazterik lortu. Lehen zati kaskarra egin zuten eta Leioako Emakumeak taldeak azkoitiarren mailaz baliatu zen eurena erakusteko.

Gorrixak apenas iritsi ziren lehen erdian aurkariaren atera. Bizkaitarrek, bien bitartean, bi gol baino gehiago egiteko aukerak izan zituzten Txerloian. 23. minutuan hartu zuten aurrea kanpotarrek. Anaitasunak oso gutxitan zapaldu zuen Leioako taldearen area. Euren zelaian aritu ziren minuturik gehienetan, eta aurkariarena zapaldutakoan espazio handiegiak utzi zizkion talde bisitariari kontraerasoan irteteko. Atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian, 44. minutuan, ez zuen barkatu huts eta bikoa egiteko aukera.

Atsedenalditik bueltan Anaitasunak beste aurpegi bat erakutsi zuen. Protagonismo handiagoa izan zuten gure neskek baloiarekin eta aukera garbiak egin zituzten gola egiteko. Halere, 52. minutuan, huts eta hirukoa egin zuten kanpokoek. Neurketa erabakita zegoen, baina Anaitasunak gol bat eskaini nahi zien Txerloiako harmailetan batutako zaleei; urte osoan emandako babesa eskertu nahi zuten gorrixek.

Eta lortu zuten amaieran. Aurrez, ordea, bat baten aurkako jokaldi ugari huts egin zituzten Maiderrek eta Ane Juaristik. Maider taldeko golegileak bi abagune garbi izan zituen, eta Anek bat, Maria bere ahizparen pasea eta gero. 87. minutuan lortu zuen merezi zuen gola Anaitasunak. Maider Badiolak atezainaren aurkakoa ondo amaitu zuen gainetik jaurtita.

Penaz amaitu zuten neurketa Euskal Ligako neskek, jarraitzaileei garaipena eskaintzerik ez zutelako izan. Gaur, ordea, maiatzak 1, denboraldiko azken garaipena eskuratzeko aukera izango du Anaitasunak ZarauzkoAsti zelai naturalean. 11:00etan jokatuko du Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak Kopa txapelketa hasi aurreko azken partida.

Argazkia gorrixekin

Partidua hasi baino lehen, argazkia gorrixekin ekimena itzuli zen Txerloira, oraingoan nesken eskutik. Neskek egin duten denboraldia txalotzeko eta datorren urtean Euskal Ligan jarraituko dutela ospatzeko partida izan zen Leioako Emakumeak taldearen aurkakoa. Hori horrela, jokalariekin argazkia ateratzeko aukera izan zen neurketa hasi baino minutu batzuk lehenago.

Argazkia atera nahi zutenak, partidua hasi baino lehen, zelaira hurbildu ziren, eta argazkian parte hartu zuten 3 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek opariak (pinak, bufandak eta abar) jaso zituzten.