«Musika Bandaren lehen emakumeen historia, aitzindarien historia da»

Mailu Garmendia 'Txota', Edurne Viguera eta Arbil Elortza 'Txanbolin' aitzindariak./
Mailu Garmendia 'Txota', Edurne Viguera eta Arbil Elortza 'Txanbolin' aitzindariak.

1973. urtean Mailu Garmendia, Edurne Viguera eta Arbil Elortza animatu ziren Bandan parte hartzera | Bandaren 150. urtemugaren harira Anjel Mari Arenas eta Irene Elorza liburua prestatzen ari dira taldearen historia eta istorio txikiekin

JOAQUIN SUDUPEAZKOITIA.

Musika Bandak 150 urte baino gehiago bete dituela- eta, Anjel Mari Arenasek eta Irene Elorzak liburu batean biltzen ari dira taldearen historia eta istorio txikiak. Santa Zezilia inguruan aurkeztuko dute eta liburuaren atal bat emakumeen parte-hartzeari dagokiona da. Gaur egun, emakumeek Bandaren heren bat osatzen badute ere, ez hain aspaldi, jendaurrean musika egitea gizonen kontua zela zirudien.

Liburuak jasotzen duenez, 60. hamarkada arte ez zen emakumerik ikusten musika bandetan. Gizartean aldaketak ematen ari ziren, pixkanaka, eta horrek izan zuen eragina bandaren jardunean ere. Orduko zuzendariak, Juan Elorzak, Errioxa igarotzen zituen udako oporrak. Hango Udal Musika Banda ikustera joaten zen eta behin, bere emazteak, Maria Dolores Gereñok, galdera zuzena egin zion: «Zergatik ez duzue emakumeak sartzen Azkoitiko Bandan?». Eta halaxe gertatu zen 70eko hamarkadaren hasieran.

Inazio Alberdi herriko abesbatzara jo zuen bertako hainbat partaideri bandan parte hartzeko gonbidapena egiteko. Hiru neska animatu ziren; Mailu Garmendia 'Txota', Edurne Viguera eta Arbil Elortza 'Txanbolin' izan ziren aitzindariak 1973 hartan. Hirurak musikarekin eta bandarekin harreman zuzena zuten familietako partaide ziren, musikaz inguraturik hazitakoak.

Irene Elorzak adierazi duenez, oso babestuta eta ondo zainduta sentitu ziren lehen egunetik eta horregatik orduko euren oroitzapenak ezin gozoagoak dira. Emakume bakarrak izatez gain, gazteenak ere baziren orduko bandan. Generoen arteko desberdintasuna finkatzen zuen osagai bat bazen orduan; uniformea. Neskek tolesdun gona eraman behar zuten eta prakak gizonezkoentzat erreserbatuta zeuden. Ez ziren gona politak baina hirukotea saiatzen zen era 'modernoan' jartzen, hankak ondo erakusteko.

'Bailable'etan erlaxatzen

Errepertorioan denetarik aurkitu zuten neska gazte haiek. Kontzertuetako pieza zailak gustukoak zituzten baina 'bailable'etan erabat erlaxatzen ziren piezak errazagoak izanda buruz ikasita zituztelako.

Liburuak jasotzen diren istorioen artean hau dago; 'Igande arratsaldeak alaitzen zituzten bailable ekinaldi haietan, pieza haiek jotzen ari zirela ez zuten partiturari begiratzeko beharrik eta dantzan ari ziren bikoteei begira egoten ziren adi-adi. Gustuko mutilak ere han goitik ederki ikus zitezkeen! Baina 'Txanbolin' zuzendariak, plazari bizkarra emanda, musikarien mugimendu guztiak kontrolatzen zituen eta noizean behin batutarekin atrilari jo eta «zein dago hor atzean?»' galdetzen zien, begirada partiturara iltzatuta edukitzeko eskatuz'

Nerabe haientzat abenturarik handiena beste herri batera jotzera joatea izaten zen. Arrasaten sanjoanak, Zumaian sanpedroak edo Azpeitian sansebastianak ospatzen zirenean, banda han joaten zen errefortzu moduan, eta musikari gazte haientzat aukera paregabea izaten zen musika egin bai, baina baita festa giroan murgiltzeko eta ondo pasatzeko ere. Egun haietan herri haietako jatetxeren batean bazkaria ordainduta izaten zuten eta hori ere ez zen familiekin egunero egin zitekeen gauza bat. Emakume haiek bost bat urte egin zituzten bandan. Geroago iritsi ziren ikasketak, lanak, mutilagunen garaiak... eta bandaren fasea bukatutzat eman zuten. Ordurako irekita zegoen beste emakume batzuentzako bidea eta harrezkero emakumeen partaidetza gero eta zabalagoa izan da bandan.