Modurik txarrenean hasi dute Anaitasunako neskek bigarren itzulia

Euren mailatik urrun izan ziren, bereziki erritmo eta intentsitate oso baxua erakutsi zutelako. / SUDUPE
Euren mailatik urrun izan ziren, bereziki erritmo eta intentsitate oso baxua erakutsi zutelako. / SUDUPE

Aurrera Vitoria izan zuten urteko lehen aurkaria eta 1-6 galdu zuten Txerloiako zelaian

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Joan den aste buruan, Anaitasuna Klubeko neskek baino ez zuten jokatu. Aurrera Vitoria zuten aurkaria eta Anaitasuna baino gehiago zela erakutsi zuen Txerloian 1-6 emaitzarekin. Gorrixak euren mailatik urrun izan ziren, bereziki erritmo eta intentsitate oso baxua erakutsi zutelako berdegunean.

Lehen zatian prezipitazio handiegiarekin aritu ziren, gauzak azkar egin nahian, eta garesti ordaindu zuten. Arabarrek atsedenaldirako neurketa bideratuta utzi zuten huts eta laukoarekin. Aldageletatik bueltan, taldea baloiarekin zerbait hobetu bazen ere, bisitarien bosgarren golak min egin zien, eta ez zuen lortu bigarren zatiko lehen minutu onak errepikatzerik.

Modu txarrean hasi du 2019. urtea Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak. Bigarren itzulia hasi zuten neskek, eta bidea ondo hasteko zituzten asmoak azkar uxatu zituen Aurrera Vitoria taldeak. Hotz sartu zen taldea neurketara, eta ez ziren gai izan bisitariek hasieratik erakutsi zuten berotasuna eta gogoa hozteko. Bigarren minuturako atzetik zen taldea. Zelai erdian galdutako baloiari etekina atera zion Gasteizko taldeak. Hamargarren minutuan, berriz, bigarrena jaso zuten eta partida bukatzerako sei gol izan ziren.

Datozen partidak beste modu batera hartu beharko dituzte gorrixek, bestela majo sufritzea egokituko zaie. Falta ezin diren osagaiak dira erritmoa eta intentsitatea, eta horiek erakutsi ezean asko kostatuko zaie neurketak aurrera ateratzea. Datorren asteburuan, Irungo Ugalde Ventas zelaira egingo dute bidaia Mariño azken sailkatuaren aurka jokatzeko. Ihes egin ezin duten hiru puntuak Azkoitira ekartzen ahaleginduko dira gorrixek.