Kuadrillen egun luzea geratzen da

Trikitilari helduek, urtero legez, soinuz eta alaitasunez bete zituzten eguneko ekimenak./
Trikitilari helduek, urtero legez, soinuz eta alaitasunez bete zituzten eguneko ekimenak.

Atzo, baserritarrei eskainitako eguna eta Inazio Iriarte margo lehiaketa ospatu ziren

JOAQUIN SUDUPEAZKOITIA.

Andramaixen festetako azken txanpara iritsi gara eta festaz beteriko lau egunen ostean, gaurko kuadrillen eguna baino ez da gelditzen. Atzo, baserritarrei eskainitako eguna ospatu zen eta XXXVIII. Inazio Iriarte margo lehiaketako hamaika parte-hartzaileak goizean-goiz ibili ziren eta herriko hainbat txoko esanguratsu islatu zituzten eginiko lanetan. Epaimahaiaren erabakia eta sari banaketa 19:30ean izan zen eta lehiaketak 1.800 euroko sari poltsa izan zuen.

Aurtengoan, Gipuzkoako Blonda lehiaketa tokatu zen Plazaberrin. Herriko ganadu erakusketarekin txandakatzen joaten dena, bi urtean behin egiten da. Erakusketara ganadu zale eta kurioso asko hurbildu ziren plaza berrira. Aipagarriak aurkeztutako ganaduen kalitatea eta itxura ezin hobea.

Eguerdi partean, herriko enparantzan herri kirol jaialdi bikaina ospatu zen. Txikia IV, Otaño, Larrañaga eta Eloy Corcherok aizkolariek eta Goenatxo III, Guzta eta Udane Ostolaza harrijasotzaileek emanaldi ederra eskaini zuten. Enbor bat nork kolpe gutxiagotan edota azkarrago ebaki, froga mixtoak, harri ezberdinen jasotzea eta abar ikusi ahal izan ziren enparantzan.

14:30ean, bazkari herrikoia izango da eta, 16:30ean Brincadeira BatukadaBihar gauean, 22:00etan, XI. DIVA-SAT Idi dema sariaren bigarren eguna daUmeen barraka eguna bihar izango da eta sarrerak euro batean eskuratu ahalko dira

Atzo ere, jubilatuen anai-arreba arteko bazkaria ospatu zen Loiolan eta, bertan, 90 urte aurten bete dituzten edo datozen hilabeteetan beteko dituzten 32 azkoitiar omendu zituzten. Plaza Ondo elkarteak eta Udalak omendu zituzten herritarretatik hogei emakumezkoak dira eta hamabi gizonezkoak. Bazkalostean, omenduek oroigarriak eta opariak jaso zituzten Plaza Ondo elkarteko eta Udaleko ordezkarien eskutik.

Arratsaldean, 'Txiki Chef' tailerrak eta 'Retro Jokoak' egon ziren Herriko plazan eta Dantzari Bikote Gazteen Txapelketa, Balda plazan izan zen ikusgai. Urtetik urtera, gazteen eta helduen txapelketa txandakatuz joaten dira eta aurten gazteena tokatzen zen.

Iluntzeko Inazio Iriarte XXXVIII. Margo lehiaketaren sari banaketa burutu zen Torrezuri Erakustokia.

Gauean, Elustondo anai-arrebekin erromeria izan zen Balda plazan eta XI. DIVA-SAT Idi dema sariaren txanda izan zen herriko probalekuan.

Egun luzea bukatzeko, Balda plaza eta inguruan suzko zezena ibili zen. Festak amaitzear dauden honetan, gogorarazi aurten ere, Andramaixetako egitaraua app bidez mugikorrean izateko aukera izan dela eta, horrekin batera, herritarrek parte-hartzeko aukera ere izan dutela. Parte-hartze horrek, gainera, bere saria izango du; hau da, app hori erabiltzen dutenen artean tableta zozketatuko da.

Gaurko egitaraua

Goizeko 11:00etan hasita, atletismo saioari ekingo zaio Balda plazan egokitutako gunean eta ondoren, Xeye atletismo taldeak antolatutako XVIII. Andramaixetako Milia jokatuko da Plaza Berri barrena.

14:30ean, bazkari herrikoiaren txanda izango da Herriko plazan eta arratsaldeko 16:30ean, Brincadeira Batukada taldeak musika eta erritmoz hornituko ditu kaleak.

17:30ean, Balda plazan, apar festa eta 18:30ean plaza Berrin zezenak. 22:00etan Lisker taldearekin dantzaldia, Herriko plazan eta 0:00etan Suzko zezena Herriko plazan. Amaierako, 0:15 Perkulights batukada taldea, herriko kaleetan zehar.

Astelehenean, 22:00etan XI. DIVA-SAT Idi dema sariaren bigaren eguna ospatuko da, herriko probalekuan. Bertan, Kamiñoko (Murueta), I. Lopategi (Birle) eta Zornotza anaiak (Zalla) uztarriak arituko dira. Asteartean, 22:00etan ere XI. DIVA-SAT Idi dema sariaren azken saioa. Azken saio honetan, Azkoitiko Isidro Erretegia, U. Elorrieta (Laukiz) eta T. Goieta (Mungia) uztarriak arituko dira norgehiagoka...

Gogorarazi ere umeen barraka eguna astelehenean izango dela, abuztuaren 19an. Barraketan sarrerak euro 1ean eskuratu ahalko dira egun horretan.

Más