K-baret antzerki musikala garaile Buero Vallejo gazte antzerki topaketetan

Sariaren 16. edizioa da aurtengoa eta aurreko edizioetan ere jaso izan dituzte sariak 'Rise and shine' eta 'Shine sgain' obrekin

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Azkoitiko gazte taldeak eginiko K-baret antzerki musikala Buero Vallejo gazte antzerki topaketetan garaile izan da.

Buero Vallejo gazte antzerki topaketetan, Euskal Autonomia Erkidegoko antzerki obra onenaren saria (maila ez eskolarrean) jasoko dute taldeko kideek. Gazteen artean antzerkirako grina eta afizioa sustatzeko asmoz antolatzen dute lehiaketa hau.

Coca Cola Fundazioak antolatzen duen 16. edizioa izan da aurtengoa eta aurreko edizioetan ere jaso izan dituzte sariak 'Rise and shine' eta 'Shine again' obrekin.

Sari nagusiaz gain beste aipamen bereziak daude eta K-baret obrak ere jaso ditu. Besteak beste, koreografia, eszenografia, zuzendaritza (Kari Alberdi eta Xabier Barquero) eta interpretazioa (Aitor Ayerdi).

Oso pozik daude taldeko kideak eta orain ekainaren 8an Gasteizen egingo den sari banaketa ekitaldian egongo dira.

Orain fase nazionalera

Orain fase nazionalera pasa da Azkoitiko taldea eta ekainera arte itxaron beharko dute estatu mailako irabazleen berri jakiteko.

Oso zaila da bertan irabaztea baina Madrilen antzerki obra egin beharko litzateke irabaziz gero. Denek egiten dute horrekin amets, obran dioten bezala «ilusioa da mundua mugitzen duena».

Bi urte eman dituzte obra berria prestatzen eta inoiz baino erronka handiagoak izan dituzte. Xehetasun oro zaintzen saiatu dira eta «behin baino gehiagotan ikusi behar da obra» dio Azkoitiko gazte taldeakdenetaz ohartzeko.

Sariez gain, publikoaren harrerarekin ere oso gustura daude taldekideak. Azkoitian izandako bi emanaldi eta Azpeitian izandakoa goraino bete zuten eta jendearen erantzuna oso ona izan zen.

Oraindik ez dute beste emanaldirik itxi baina etorkizunean gehiago izatea espero dute.