Jipoi handia hartu zuten Euskal Ligako neskek etxean, 2-7

Belarrondoko galanta hartuta, eta aurrerantzean izango dituzten aurkarien maila nolakoa izango den ikusita gelditu ziren neskak. /  SUDUPE
Belarrondoko galanta hartuta, eta aurrerantzean izango dituzten aurkarien maila nolakoa izango den ikusita gelditu ziren neskak. / SUDUPE

Atsedenaldirako neurketa erabat erabakita utzi zuen Arratiak San Juanen | Bestalde, menderaezina jarraitzen du Ohorezko mailako taldeak etxetik kanpo jokatzen duenean

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Igorreko Arratia taldeak jipoi handia eman zien Euskal Ligako neskei bi eta zazpi irabazita. Lehen zatian ondo baino hobeto bideratu zuten neurketa bizkaitarrek, eta bigarrengoan aldea areagotuta, Anaitasuna eta Arratia taldeen arteko aldea zein den garbi utzi zuten. Gorrixek neurketako azken minutuetan egin zituzten bi golak.

Goiz hartu zuten aurrea igorretarrek San Juanen. Kanpoko taldeak ezker hegaletik behin baino gehiagotan egin zuen eraso, gero eskuin aldera jokoa aldatzeko. Modu horretako jokaldi batean gure nesken a- tzeko lerroa gainditu zuten, eta area kanpotik jokalari batek jaurtiketa egiteko espazioa aurkitu zuen birritan pentsatu gabe atera jaurtita lortu zuten huts eta batekoa.

Bizkaitarrek egindako aukera kopurua benetan handia izan zen; kornerretan min handia egin zuten, eta nola ez, jokoan. Anaitasunak ere izan zituen aukerak lehen zatian bere gola egiteko eta partida Arratiari apur bat zailtzeko, baina ez ziren fin ibili jokaldiei amaiera ematerako orduan. Anaitasunak arazoak izan zituen, beste behin, baloia ateko saketik ateratzeko eta ondoren aurrera eramateko; bisitariek presio oso estua egin zuten San Juanen.

Oihana atezainaren geldituengatik eta kanpokoek ate aurrean egin zituzten huts garbiengatik izan ez balitz, gol sorta handiagoko aldea erakutsiko zuen markagailuak.

Belarrondoko galanta hartuta, eta aurrerantzean izango dituzten aurkarien maila nolakoa izango den ikusita gelditu ziren neskak. Datorren zapatuan Tolosako Usabal zelaian arituko dira Euskal Ligako Neskak. 15:45ean hasiko da Tolosa eta Anaitasuna taldeen arteko neurketa. Beste arerio zail bat izango dute aurrean gorrixek. Irabazten hasi beharrean dira zailtasunetan sartu nahi ez badute.

Garaipena Zubietan

Menderaezina jarraitzen du Ohorezko mailako taldea etxetik kanpo jokatzen duenean. Aste buruan 0-2 gailendu zitzaion Deusto Donostia taldeari. Neurketa tristea jokatu zuten Deusto Donostiak eta Anaitasunak, baina gorrixek lehen zatian sortutako aukerak ondo baliatu zituzten Zubietan garaipena lortzeko.

Anaitasuna bide onera itzuli da Zubietan irabazita. Gauzak maldan behera jarri zitzaizkien mutilei hasi eta segituan egindako golarekin. Lehen zatian zehar aurkariaren zelaia zapaltzen zuen ia aldiro arriskua sortu zuten gorrixek, eta ondo bideratuta utzi zuten neurketa atsedenaldira iritsi baino lehen bigarren gola eginda. Bigarren zatia oso tristea izan zen bi taldeen aldetik. Anaitasunak ez zuen asmatu aurkariari min gehiegi egiten, nahiz eta partida erabakita uzteko aukera bat edo beste izan. Deustok, bere aldetik, neurketan bete betean sartu eta Anaitasuna estutzeko aukera garbi bat edo beste izan zuen, baina zorionez ez zuten asmatu.

 

Fotos

Vídeos