Hirugarren porrota jaso du jarraian Anaitasunako lehen taldeak

Izagirre, Mikel Pastrian eta Landa Tolosako jokalari bat inguratzen. /  MAIALEN ARZALLUZ
Izagirre, Mikel Pastrian eta Landa Tolosako jokalari bat inguratzen. / MAIALEN ARZALLUZ

1-2 galdu zuen etxean, sailkapenean hirugarren doan Tolosaren aurka | Bolada txarrean murgildu dira gorrixak eta aukera ederra galdu dute sailkapenean Tolosa urruntzeko

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Hirugarren porrota jaso du jarraian Anaitasunako lehen taldeak eta sailkapeneko lehen postua bost puntura dauka orain. Eibar doa lehen. Gainera, hirugarren doan taldearen aurka , Tolosa, galdu ostean bi puntura baino ez zaio gelditzen.

Bolada txarrean murgildu dira gorrixak eta aukera ederra galdu dute sailkapenean Tolosa urruntzeko. Tolosak lehen zatian eman zuen kolpea, eta Anaitasuna ez zen gai izan bigarren zatian berdinketa lortzeko. Markagailuan aurrea hartzeko aukera pare bat izan zituzten Xabier Artetxeren mutilek, baina Tolosak bi gol egin zituen ordu erdia betetzerako. Bigarren zatira beste erritmo batekin zelairatu ziren mutilak, eta bat eta bikoak esperantzaren bidea ireki zuen Txerloian. Taldeak ez zuen aukera askorik izan, eta sailkapena estutu duen porrota jaso zuten mutilek.

Tolosaren golak

Hastapeneko Anaitasunaren abisuetatik, Tolosaren goletara pasatu zen neurketa. Tolosak ondo ulertu zuen neurketa, eta hegaletan ez zuen inoiz ere espaziorik utzi Anaitasunarentzat. Barrutik jokatzera behartu zuen taldea. Presioa goian eta erasokor egin zuten kanpokoek, eta une batzuetan arriskuak hartu beharrean ere izan zen Anaitasuna.

21. eta 27. minutuetan egin zituzten bisitariek euren golak. Bi golak Tolosak eraso egiten zuen eskuin hegaletik iritsi ziren.

Huts eta bikoarekin galduta ziren mutilak, noraezean. Atsedenaldira zirrikiturik aurkitu ez zutela iritsi ziren, baina bigarren zatira beste erritmo batekin zelairatu ziren gorrixek, eta segituan etorri zen saria.

Mikel Aramendik 48. minutuan egin zuen bat eta bikoaren gola.

Golarekin bazirudien Anaitasuna esnatu egin zela eta bigarren zatia zirraragarria izango zela, baina Tolosak ez zuen inoiz kontzentraziorik galdu. Datorren asteburuan, igandean, Aretxabaletaren aurka arituko dira mutilak.